'Aromak' ikuskizuna egin dute Legazpin, Txillidaren eta berarekin lan egin zuten legazpiarren omenez
Asier Polo biolontxelistak, Marta Zabaleta piano jotzaileak, Edurne Zabalo klarinete jotzaileak, Gorka Hermosa akordeoi jotzaileak eta Blanchard Strings soka taldeak Aromak musika ikuskizuna egin dute gaur eguerdian Legazpin, Xegun Altolagirre narratzaile lanetan zutela, eta Josu Altzelai argazkilariaren irudiak lagun. Ikuskizun hau Eduardo Txillidaren eta berarekin lan egin zuten legazpiarren omenez egin dute. 19:00etan beste emanaldi bat egingo dute. Sarrerak salgai daude 15 euroan latxartegisarrera.sacatuentrada.es webgunean.
Txillidak Patrizio Etxeberria enpresariaren fabrikan egin zituen bere obra ezagunenetako batzuk, bertako langileen laguntzarekin. Iaz eskultorearen jaiotzaren mendeurrena ospatu zen eta Legazpin ere hainbat ekitaldi antolatu ziren. Aromak mendeurren ospakizunen barne sartzen da. Gaur eskultorearen jaiotzaren 101. urteurrena bete da.