Giza eskubideen aldeko aldarrikapen erraldoi batek hartuko ditu gaur Bilboko kaleak, Sare Herritarrak deitutako manifestazio nazionalaren harira. Goierritik hainbat autobus abiatu dira. Irudian, Urretxu-Zumarragatik atera diren biak. Ezkio-Itsaso, Gabiria, Legazpi, Ormaiztegi, Urretxu eta Zumarragako bizilagunek bete dituzte bi autobus horiek.
Gatazka politikoarekin lotuta, 142 euskal preso daude espetxean gaur egun. Salbuespen legeak indargabetu eta lege arrunta aplikatuz gero, gehienek kalera ateratzen hasiak behar lukete, gradu progresioa dela medio. Salbuespen horiek «behin betiko» eten daitezela eskatuko dute gaurko manifestazioan. Sare Herritarrak deituta egingo da. Casillatik abiatuko da, 17:00etan, eta udaletxerainoko bidea egingo du, Behin betiko. Bakea. Konponbidea. Elkarbizitza lelopean.
Pankartari eusten hauek izango dira: Rosa Rodero ETAren biktima, Ane Muguruza estatu indarkeriaren biktima, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendari ohia, Garazi Hach Embarek giza eskubideen aldeko ekintzailea, Arantza Aldezabal EHUko irakaslea, Amaia Izko abokatua, Eva Ferreira Harrera elkarteko presidentea, Patxi Bisquert aktorea, Jose Luis Elkoro Bergarako alkate ohia eta Rafa Larreina senatari ohia. Haiekin batera egongo dira Sare Herritarreko eledun Bego Atxa eta Joseba Azkarraga.
Hainbat alderdi eta gizarte eragilek deitu dute, halaber, manifestazioan parte hartzera. Euskal Herriko alderdien artean, EH Bilduk eta EH Baik «masiboki» parte hartzera deitu dute, uste baitute euskal presoen auzia konpondu beharra dagoela bizikidetzan aurrera egiteko. Junts, ERC eta CUP alderdietako ordezkariak izango dira. Mes Per Mallorca alderdiko ordezkaritza bat ere egongo da.
Euskal Herriko bi sindikatu nagusiek ere parte hartzeko deia egin dute. ELAk bat egin du manifestazioarekin, «giza eskubideen alde eta gatazkaren ondorioen behin betiko konponbidearen alde» egingo duelakoan. LABek ere parte hartzera deitu du. «Uste dugu Euskal Herriak konponbide bidezkoa eta demokratikoa behar duela gatazkari dagokionez. Horrekin lotuta, preso, iheslari eta deportatuek behingoz etxean egon behar dutela ere uste dugu, horixe baita bakerantz eta elkarbizitza bidezko eta demokratikorantz aurrera egiteko bidea».
Sindikatu horren esanetan, orain arte egindako urratsak mobilizazioei esker lortu dira, eta horregatik jotzen du garrantzitsutzat mobilizatzen segitzea. Era berean, irizten dio beharrezkoa dela neurriak hartzea preso ohiek lanerako sarbidea eta pentsioa eskuratzeko aukera izateko.
Kataluniatik, ANC eta Omnium Cultural-eko ordezkariak ere etorriko dira Bilbora. Baita Kataluniako Abokatuen Koordinakundeko ordezkariak ere.
Goizean goizetik hasi dira euskal presoen eskubideen aldeko aldarria zabaltzen. Zazpikaleetan trikitilariak, erraldoiak, buruhandiak eta dultzaineroak ibili dira kalez kale. Helburua da «aldarrikapena eta festa uztartzea», antolatzaileen esanetan.
Testua: Gurutze Izagirre Intxauspe/Berria