Astoa protagonista Lazkaon, beste urte batez
Diana ospakizuna, meza nagusia, Gipuzkoako Enkarterriko XXIV. Asto Lehiaketa eta "Egiptora ihesa" antzezlana izan dira eguneko ekintza nagusiak.
Goizean goizetik hasi da Astotxo eguneko festa Lazkaon. 09:30ean asto diana egin da plazatik abiatuta herrian zehar. Lazkaoko kaleak musikaz eta soinuz alaitzeaz arduratu dira txistulariak, herriko Jotake taldeko joaldunekin batera. Ondoren, 11:00etan meza nagusia egin da zistertar komentuan, gregoriar abesbatzaren eta Lazkaoko Kantaka abesbatzaren partaidetzarekin. 12:30ean, Enkarterrietako Astoaren Gipuzkoako 24. lehiaketa egin da, beste behin, GIASEL Gipuzkoako astozaleen elkarteak antolatuta. Bi kategoriatan sailkatu dituzte astoak, eta aurtengo saaridunak ondorengoak izan dira:
- 12-30 hilabete arteko asto emeetan, Unai Orbegozoren Beltzane astoa izan da irabazlea. Arretan, berriz, Gema Arratibelen Pantxo astoa.
- 30 hilabete arteko emeetan, Miren Villarren Synnefo astoak jaso du lehenengo saria eta Mikel Gonzalezen Hixto astoa izan da arretan irabazlea.
Tuca Aiastui, Mirari Inza, Teresa Garagalza eta Miren lea Meabe izan dira aurtengo epaimahaiak. Gainera, aurten, lehenengo aldiz, ARASEL (Arabako astozaleen elkartea) eta ASBIZBUEN (Bizkaiko astozaleen elkartea) ere izan dira epaimahaian laguntzen. Sari nagusia 150 euro, zintzarri bat eta barazki sorta izan dira.
Astotxo Eguneko ekintzei amaiera emateko, 13:00etan Egiptorako ihesa antzezlana egin da. Azken 30 urteetan bezala, aurten ere Zawopi elkartea arduratu da antzezlana aurrera eramateaz. 150 herritar inguruk parte hartu dute Jesus, Maria eta Joseren asto gaineko ihesaren, Herodesen dekretuaren eta haurren harrapaketaren antzezpenean.