Beasain eta Lazkao artetik N-1 errepidetik Donostiara joateko bideak itxiko dituzte igandean
N-1era sartzeko Olaberritik edo Ordiziatik joatea proposatu dute. 07:00etatik 18:00etara itxiko dira.
Beasain eta Lazkao arteko N-1 errepidera Donostiako noranzkora sartzeko bide-adarrak itxi egingo dituzte igandean (urtarrilak 19), 07:00etatik 18:00etara. 419 lotunean, Senperen, bide segurtasuna hobetzeko zenbait lan egingo dituztelako itxiko dituzte bideak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak ohar batean azaldu duenez, landaredia kenduko dute eta inausketak eta mozketak egingo dituzte, metalezko hesi bat jarriko dute Senpereko lotuneko errotondan, eta sastrakak kenduko dituzte.
Donostia aldera N-1 errepidera sartzeko GI-3560 errepidea Olaberritik edo GI-4491 errepidea Ordiziatik erabiltzea aurreikusi dute. Gasteiztik Lazkaora, berriz, Castilloko lotunetik irtetea proposatu dute, eta GI-3560 errepidea erabiltzea, Olaberritik, Lazkaora iristeko, edo, bestela, Beasaingo zeharbidetik joatea.