Partecar erabiltzen dutenentzako hobariak martxan
Beasaingo Udalak emandako datuen arabera, egun 385 erabiltzaile baino gehiago daude erregistratuta Partecar aplikazioan.
Partecar aplikazioa erabiltzen dutenentzako hobariak jarri ditu martxan berriz ere Beasaingo Udalak. Horretarako beharrezkoa da aplikazioa mugikorrean instalatuta izatea: HoopCarpool deskargatu behar da, eta ondoren erregistratu eta BEASAIN22N kodea sartu.
Udalak ohar baten bidez adierazi du «ingurumenarekin eta garapen jasangarriaren helburuekin konprometituta» dagoela, eta mugikortasun jasangarriaren alde eginez aplikazioari bultzada ematea duela xede. Beasain abiapuntu edo helmuga duten ibilbideetako gidariei eta bidaiariei %50eko hobaria emango zaie, gehienez 2€ bidaia bakoitzeko eta bidaiari bakoitzeko, gehienez 10 bidaia astean.
6.900 bidaia
Duela bi urte jarri zuten martxan autoa partekatzeko ekimena. Udalak emandako datuen arabera, egun 385 erabiltzaile baino gehiago daude erregistratuta Partecar aplikazioan, 284.000 kilometrotik gora partekatu dira bidaietan eta 42.000 kg CO2 eta 136.000 kg NOx baino gehiago ez isurtzea lortu da. Ekimena martxan jarri zenetik, 6.900 bidaia partekatu dira. Arlo ekonomikoari dagokionez, 40.000€ inguru aurreztu da erregaian.