Plazako zubia berritzeko lanak hasi dituzte Idiazabalen
Zubiaren egurrezko zoladura ustelduta dago eta hormigoizko eta lauzazko zoru batez ordezkatuko dute. Lanak aste honetan bertan hasi dituzte eta 38.000 euroko aurrekontua dute.
Plaza Nagusiko zubia eraberritzeko lanak hasi ditu Idiazabalgo Udalak aste honetan. Zubiaren egitura modernoa eta berri samarra bada ere, zoruaren estaldura egurrezkoa da.
Udaletik adierazitakoaren arabera, «egurra erabat ustelduta» zegoen eta erretiratzen ari dira. Berezko egitura mantenduko bada ere, estaldura aldatu egingo diote, «egurraren ordez, hormigoizko eta lauzazko zorua jarriko da, ez irristakorra». Di-Da enpresa ari da lanak egiten eta guztira, 38.000 euroko aurrekontua dute.
Parte hartze prozesua
Honekin lotuta, udalak plaza eraberritzeko parte hartze prozesu bat ere abian jarriko du aurten. 2024rako aurreikusita bazegoen ere, ordu hartan ez zen posible izan azkenean. Parte hartze prozesua aurrera eraman ahal izateko 15.000 euroko diru partida bat aurreikusita dago 2025eko udal aurrekontuetan.
1955 inguruan eraiki zen Plaza Nagusia Idiazabalen, baita udaletxea eta Mediku etxea ere. Espainiako Gerraren ostean industria bilakatu zen idiazabaldarren bizibide nagusia eta baserriak hustearekin batera iritsi zen kaleko gunearen zabalpena. Plaza herriaren erdigunea eta bizilagunen topalekua da ordutik. 1984koak dira bertan egindako azken berrikuntza lanak; ordukoa da baita, gaur egun dagoen kioskoa ere.
Herritarren aldetik, Plaza Nagusian estalpe bat jartzeko eskakizuna ere aspaldikoa da, eta parte hartze prozesuan eztabaidatuko den gaietako bat izango da. Gai honi lotuta, 2015ean lehiaketa bat deitu zuen orduko udal gobernuak, baina proiektuak ez zuen jarraipenik izan.
ARGAZKIAK: Idiazabalgo Udala