Mendarte eta Ekotalo, arto beltzak lotuta
Arto irinarekin kroketak eta gailetak egitea badagoela erakutsi du Julen Altzelaik, Maizian produktu berriak aurkeztuta. Zeraingoa da artoa.
Iaz Zeraingo Mendarte baserriko Iñaki Intxaustik eta Ekotalo enpresako Julen Altzelai alkizarrak arto beltzaren inguruan abiatutako elkarlanak emaitza berriak eman ditu. Arto beltzarekin egindako irin morea da elkarlan horren muina, eta aurreko uztakoa batez ere taloak egiteko erabili zuten bezala, baita bulgurra ere aurrerago, uzta berrikoak produktu gehiago ekarri ditu.
Ekotaloren salmenta postuan dagoen kartel batek adierazten duen bezala, «artoa ez da soilik taloak egiteko», eta erabilera gehiago ditu. Oraingoan, kroketak, cookie gailetak eta pancake edo krepeak egiteko lote txikiak prestatu dituzte, irin morea osagai nagusia dutenak, eta Maiziam markadunak. Arto irinak glutenik ez duela kontuan izanda, ez dirudi asmakizun txarra.
Kroketak eta krepeak
Altzelaik azaldu duenez, kroketa guztien oinarria den «bexamela egiteko nahasketa bat prestatzera ausartu» dira. Bexamela egiteko irin moreaz gain, esne hautsarekin nahastutakoa, kroketak arrautzaztatzeko irin gehiago eta glutenik gabeko ogi txigortua ere badarama loteak. «Nahasketa egiteko, ura behar da, eta olioaren ordez gurina erabiltzea gomendatzen dugu».
Gailetak ere arto irin morearekin egiteko proposamena da Altzelairena. Maiziam loteak txokolate pinportak eta guzti ditu. «Horiek ere urarekin nahastuta egiteko dira, eta gurinarekin hobeto. Irina morea denez, kolore berezia dute cookie-ek». Krepeen loteak, berriz, irinarekin batera arrautza zuringo hautsa, esne lehortua eta txitxirio irina darama.
Bulgurrarekin ere prestatu dituzte bi lote. Bata, barazki deshidratatuekin eta oilasko proteinarekin aurkeztu dute, eta bestea, risotto-a egiteko, perretxiko deshidratatuekin.
Produktu guztiak maiziam.com webgunean aurkitu daitezke, baita bertatik erosi ere.
Zeraingo arto ekologikoa
Maiziam produktuetako batzuen lehengaia Zeraingoa da, Mendarte baserrian ekoitzitako arto beltz ekologikoa, alegia. Azken urtekoa, eguraldia dela-eta, «oso uzta gogorra» izan dela esan du Intxaustik berak: «Udaberrian oso berandu hasi zen eguraldi ona, hasi bazen, eta biltzeko garaian euria egin zuen». Gainera, «onddoak ere hazi ziren», eta horregatik guztiagatik, «nahiko kaxkarra» izan zen produkzioa.
Hala ere, Altzelairen Ekotalo hornitzeko adina jaso zuen.