«Gurea lan aproposa da gazteak antzerkira erakartzeko»
Gazte-gaztetatik dabil espektakuluaren munduan lanean Mikele Arizkorreta Renedo (Legazpi, 2000). Euskal Telebistako '3zpa4' eta 'Go!azen' saioek egin dute ezagun, baina antzerkia ere gustuko du.
Diziplina desberdinak jorratzen ditu Mikele Arizkorreta artistak, eta antzerkiko aktorearena ostiralean aurkeztuko du Legazpin, Latxartegi aretoan 19:30ean, Bihar arte solik komediarekin. Sarrerak salgai daude Latxartegiko leihatila digitalean.
Aktore ala abeslari, zer zara?
Ez dut neure burua ikusten abeslari gisa, aktorea naiz gehiago. Abestea asko gustatzen zait, beti izan naiz abestekoa, baina ez dakit zein punturaino naizen abeslari.
Bertsolaria ere bazara.
Bertsolaritzarekin lotura handia dut, asko eman dit, eta oso baliagarria izan zait aktore lanerako. Bertso Olariak bertso eskolan hasi nintzen, eta ez dut jarraitzen nire lagun Jone Narbaiza eta Lierni Ugartek bezala. Tarteka agertu izan naiz ni ere, eta bertsoren bat edo beste osatu eta botatzen dut… Horretan jarraitzeko gehiago entrenatu beharko nuke.
Eta musika?
Saxofoia jotzen dut. Urte batzuk egin ditut musika bandan. Banda utzita dut, tamalez, ezin nuelako guztiarekin. Baina agian itzuliko naiz egunen batean, nork daki. Ate hori zabalik daukat.
Erizaina zara ikasketaz…
Bai, Donostian ikasi nuen, eta lanean nabil horretan.
Nola uztartzen duzu hori guztia?
Txikitatik eskolaz kanpoko jarduera askotan ibili naiz: musikan Doinuan eta bandan, dantzan Sustraiak taldean, bertsotan Bertso-olariekin… Sorgintxulon ere ibili naiz begirale. Horrela ohitu naiz, eta neure burua antolatzea ez zait asko kostatzen. Orain ere horrela bizi naiz, gauza askotan sartuta. Hutsik ditudan egunak ondo aprobetxatzen ditut, eta kuadrillarekin, familiarekin eta bikotearekin egoteko izaten dira.
«Bertsolaritzarekin lotura handia dut, oso baliagarria izan zait aktore lanerako»
Go!azen–en biltzen dira lantzen dituzun diziplinetako batzuk.
Bai, hor aktorea, abeslaria eta dantzaria naiz, batez ere kontzertuetan.
Bigarren denboraldia duzu.
Bai. Saioa naiz bertan. Udan egiten ditugu grabaketak, bi-hiru hilabetez, eta udazkenean kontzertu birarekin hasten gara. Oraintxe gaude biran sartuta bete-betean, maiatzera arte. Emanaldi asko dira, astebururo, batzuetan bi egun berean.
Zer dugu nahiago, grabaketa ala kontzertua?
Kontzertuak asko gustatzen zaizkit, baina ia-ia beti berdinak dira, eta nahiago ditut telesailaren grabaketak, egunero egin behar delako zerbait desberdina. Gehiago disfrutatzen dut.
Jarraituko al duzu hurrengo denboraldian?
Go!azen-ek berak bai, kristoren arrakasta daukalako gaztetxoen artean. Hamaikagarren denboraldian gaude, eta ikusten dut jarraitzaileak oso aktibo daudela, oso inplikatuta, euforiko. Ematen du berpiztu egin dela, indarberritu. Nik, oraindik ez dakit jarraituko dudan, aurrerago jakingo dut.
Aurretik ibilia zara telebistan.
Bai, 2018an 3zpa4 saioan hasi nintzen, ETB3n, eta gero beste lan batzuk egin ditut. Baina nik uste dut Go!azen-ek egin nauela ezagunago.
«Bihar arte soilik lagunekin eta mimo handiarekin egindako lana da»
Antzerkian ere hasia zara.
Bihar arte soilik lanarekin nabil. Oso proiektu polita da, lagunekin eta mimo handiarekin egindakoa. Legazpin ostiralean taularatuko dugu Lorea Intxaustik, Nerea Elizaldek, Albar Cirardak eta laurok. Lorea eta Nerea Go!azen-eko kideak dira, interpretazio munduan ditudan lagunik onenak, eta aldi berean, nire bi zutabe handiak. Telesail horrek eman didan oparirik handiena dira biak.
Zer da Bihar arte soilik?
Oso antzezlan gaztea. Adin guztientzako gai interesgarriak jorratzen ditu, baina bereziki gazteentzat izan daiteke erakargarriago, geu ere gazteak garelako eta hitz egiten dugulako lagunen arteko harremanen inguruan, geure arazoen kudeaketaz, harreman mota desberdinez… hori guztia, komediaren ikuspuntutik. Gurea, gazteak antzerkira erakartzeko lan aproposa da. Oso esperientzia polita da niretzat. Iazko otsailean hasi ginen, eta egin genuen bira txiki bat Bizkaian. Ea orain emanaldi gehiago ateratzen diren, eta Gipuzkoan ere bira egiten dugun.
Legazpikoa berezia izango al da?
Bai, noski. Herrian bertan lan egitea berezia da. Nire helburua ondo pasatzea da, eta publikoak ondo pasatzea lortzea.
Baduzu beste proiektu bat.
Soinu fikzio bat da, Iñaki Beraetxek zuzendutakoa. Estreinatzeko dago. Eitb Podcastean jarriko dute entzungai.