Industria ondareari buruzko margolanak, Zumarragan
Koldo Arnanz margolari altsasuarraren lanak hilaren 31ra arte egongo dira Zelai Arizti kultur etxean
Koldo Arnanz Zufiaurrek (Altsasu, Nafarroa, 1960) Industria ondarea erakusketa egin du Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. Erakusketan itxitako fabriken margolanak jaso ditu. Margolanak hilaren 31ra arte izango dira Zumarragan.
Arnanzek umetatik atsegin du margotzea. «Betidanik duk zaletasun hori. Ikastetxean, liburuetan bozetoak egiten nituen. Baina ez nion nire zaletasun horri garrantzi handirik eman. Hala, delineazioa ikasi nuen. Baina zaletasuna nuenez, ondoren Arte Ederrak ikasi zuen Leioan», aipatu du.
Zaletasuna lanbide bilakatu du. «12 urtetan zehar plastika eskolak eman nituen Altsasuko eta Etxarriko ikastoletan. Ondoren, akademia bat ireki nuen Altsasun», gehitu du.
Urte asko daramatza margotzen. «Nahiko anarkikoa naiz. Garaiaren arabera margotzen dut. Estilo eta teknika ezberdinak atsegin ditut eta ikerketa lana egitea gustatzen zait. Zumarragako koadroetan argi ikusten da hori: ura, agoarrasa, margoak… erabiltzen ditut eta horiekin efektu ezberdinak lortzen ditut».
Gaiei dagokienez, Zelai Arizti kultur etxeko erakusketa aretoan Euskal Herriko industria ondarea ikus daiteke. «Nire aitak negozio bat zuen eta herriko eta inguruko lantegietara joaten zen. Berarekin joatea gustatzen zitzaidan, lantegietako zirrikitu guztietan sartzeko. Enpresa zaharrak asko gustatzen zitzaizkidan».
Zumarragako erakusketan lantegi horietako batzuk ikus daitezke. «Gure bizitzan zehar disko gogorrean informazioa sartzen dugu eta ondoren, lehenago edo beranduago, informazio hori erabiltzen dugu. Industria ondareari buruzko serie hau baino lehenago, ibai ertzeei buruzkoa egin nuen. Horretaz gain, Castillo Suarezen poemen inguruko margolanak egin nituen. Industria ondareari buruzko margolanekin, berriz, 2012an hasi nintzen. Hasteko, ikerketa lana egin nuen: hainbat tokitara joan nintzen argazkiak ateratzera. Ondoren, bozetoak egin nituen. Bozeto horiek ere erakusketan jarri ditut. Bukatzeko, margolanak egin nituen».
Hego Euskal Herriko lau herrialdeetako fabrikak margotu ditu. «Gehienak Nafarroakoak dira, baina Gipuzkoa, Bizkaia eta Arabakoak ere badaude. Iparraldean, zorionez edo zoritxarrez, ez daude lantegi asko. Hango zerrategi bateko argazkiak lortu ditut eta hori ere margotzeko asmoa dut».
Erakusketan alor ezberdinetako lantegiak ikus daitezke: azukre-lantegi bat, txorizo fabrika bat, errota bat, zerrategi bat, larruak ontzeko lantegi bat, galdategi bat, harrobi bat… «Bergarako galdategia, Etxarriko teilategia eta Ihurreko gasolindegia ere margotu ditut, baina koadro horiek saldu egin nituen». Erakusketan Goierriko lantegi bakar bat ageri da: Ezkioko Igartubeiti baserria. «Hortik gatoz. Bertan, sagardoa egiten zuten», gogoratu du.
Ez du inoiz Zumarraga edo Urretxuko lantegirik margotu. «Orbegozo, adibidez, ez zait atsegina suertatu. Deseginda daudenak nahiago ditut. Dena den, erakusketan martxan dauden bi toki ikus daitezke: Igartubeiti baserria eta Iruñeko Caparroso errota. Errota hori Arga ibaiaren ondoan dago. Garai bateko estruktura mantendu dute eta ondoan kubo bat egin dute. Kubo horretan jatetxea ireki dute».
Iraganari keinua
Erakusketa iraganari keinua da. «Egun bizi ditugun garai nahasien gaineko hausnarketa dugu. Keinu bat iraganari. Gure iragan hurbilari begirada. Hain urruna ez den iragana, askorentzat ia egungoa. Etsipenez eta nostalgiaz begiratzen dut garai batean lan eta aberastasun iturri ziren fabrika horien ondarea. Baita langileen eztabaiden lekuko ere. Horma zahar, koipetsu, zartatuen nahaspila bihurtu ditu denborak. Nahaspila horrek garai jakinetara narama. Zoragarriak ez ziren arren, eredu kapitalistak ezin zuelako hori ahalbidetu, humanoagoak bezala, hurbilagoak, gordetzen ditu nire oroimenean».
Globalizazioak gizatasun hori hautsi duela uste du. «Globalizazioak beste zerbait ere suntsitu duen ustea daukat: sare industriala osatzen zuten aktoreen artean nolabaiteko hartu-eman estuagoa bultzatzen zuten printzipioak».