Bealak Trail, Arriarango mendi lasterketaren ordez
Martxoaren 15ean jokatuko da mendi lasterketa berria Beasainen. Aurten Goierri Kopa Trailetik kanpo geratu da lasterketa.
Arriaranen 11 urtez egin duten mendi lasterketaren aroa bukatutzat eman ondoren eta hark utzitako hutsunea betetzeko helburuz, Bealak Beasaingo Lasterketariak klubak Bealak Trail mendi lasterketa antolatu du. Martxoaren 15ean jokatuko da, eta bi ibilbide izango ditu: Laburra (13 km/ 850 mD+) eta luzea (23km / 1400 mD+). Loinazpe ikastetxea izango da abiapuntua. Hiru kategoria izango ditu, eta lasterketa bakoitzeko lehen neska, mutila eta herritarra sarituko dituzte. Informazio gehiago Bealak.com webgunean aurki daiteke.
Izen-ematea zabalik
Izena emateko epea zabaldu dute dagoeneako Herrikrosa.eus plataformaren bitartez. Lasterketa laburren parte hartzeko prezioa 19 eurokoa da aurrez (25 egunean bertan) eta luzearena 24 euro (egunean 30). Korrikalariek kamiseta bana jasoko dute, oparien zozketan parte hartuko dute eta irteera/helmuga gunearen ondoan dagoen kiroldegia erabili ahal izango dute dutxatzeko.
Aurten Goierri Kopa Trailetik kanpo
Joan den astean Garinen aurkeztu zuten Goierri Kopa Trailetik kanpo gelditu da aurten Bealak Trail. “Pena handiz aitortu behar dugu ez dela gure erabakia izan. Bealak Trail mendi lasterketaren kronometrajea egiteko, duela 15 urtetik Beasaingo Herri Lasterketa kronometratzeko erabiltzen dugun berdina erabiltzea erabaki dugu”, azaldu dute antolatzaileek ohar bidez.
Arrazoi nagusienak bi direla nabarmendu dute: “Alde batetik sistema askoz ekonomikoagoa da eta bestetik oso eraginkorra. Arrazoi honengatik, eta kopako gainontzeko antolakuntzek beste sistema bat erabiltzeagatik, kanpo gelditu gara. Bealak klubetik ahalegin guztiak egin ditugu kopan jarraitzeko, gure taldeko informatikari profesionalak prest genituen bi sistemen arteko edozein motatako integrazioa egiteko, baina ez digute aukera hori eman”.
View this post on Instagram