Festak hasteko prest Garinen
San Sebastian jaiak giro onean ospatzeko, dena prest dute Garingo auzotarrek astebururako. Betiko ekitaldiekin batera, hainbat berritasun izango dira aurtengoan ere.
Asteburuarekin ospatuko dituzte San Sebastian jaiak Garin auzoan. Auzotarren elkarlanari esker, egitarau bete-betea izango da aurtengoan ere, eta urtero bezala, giro berezia izango dute. Tradizioa eta berritasuna, bietatik izango dituzte, antolakuntzan lanean dabiltzanen esanetan. Betiko ekitaldiak, meza nagusia, herri bazkaria, gaztaina-jana, haurrentzako jolasak, edo mendi lasterketaren hamaikagarren edizioa ez dira faltako, eta berrikuntza bezala, haurrentzako zirku tailerra izango da.
Larunbatean, 10:00etan, kanpai bueltekin eta altxafuegoekin hasiko dituzte festak. 10:30ean, Beasaingo Goizeresi txistulari taldearen kalejira izango da. Jarraian, 11:00etan meza nagusia egingo dute, iaz bezala. Lehen, igandean egiten zuten. Bazkaltzera joan aurretik, Fikiziohesioa ikuskizuna izango da, Kalte kolektiboaren eskutik. Omar Somai garindar gazteak parte hartuko du bertan. Badira urte batzuk antzerkiaren munduan hasi zela Somai, eta larunbatekoa emanaldi berezia izango du, bere auzoan antzeztuko duen lehenengo aldia izango delako. Euskaraz izango da, eta haur eta heldu, denentzat dago zuzenduta.
Ondoren bai, Muñogain auzo elkartean herri bazkaria egingo dute. 50 bat lagunek eman dute izena. Elustondo anai-arrebak izango dira trikiti doinuekin girotzen. Bazkal ondoren, ohi bezala, mus eta punttu txapelketak jokatuko dituzte.
Arratsaldean, haurrentzako jolasak izango dira auzoko pilotalekuan, eta jolasak amaitutakoan, gaztainak, sagardoa eta txokolatea banatuko dituzte.
Igandea
Trapalata txarangarekin esnatuko dira garindarrak igandean. 10:00etan hasita goiz osoan ariko da. Iaz jo zuten lehenengoz bertan, eta izandako arrakasta ikusita, aurten ere gonbidatu dituzte auzoa girotzeko.
11:00etan, berriz, hamaikagarren Garingo lasterketa jokatuko da, Goierri Kopa Traileko lehenengo proba puntuagarria izango dena. Lehen sailkatua 12:00ak aldera helmugaratzea espero da. Sari banaketa 13:30ean egingo dute. Aurten ere, Iñigo Andreu garindarrak eskuz egindako trofeoak banatuko dituzte irabazleen artean.
Ibilgailuen trafikoari dagokionez, antolakuntzak eskatu du autoa partekatzeko, garaiz iristeko eta momentu oro antolakuntzak esandakoa errespetatzeko.