Oposizioak esan du udal gobernuak 2025erako egindako aurrekontuen proposamena ez zela garaiz iritsi
Ordiziako Udalak aurrekontu luzatuarekin hasi du urtea, proposatutakoak ez duelako izan onartzeko gehiengorik. Joseba Aranburuk (EAJ), Viviana Angelica Murillok (Ordizia Orain) eta Ana Maria Sanchezek (PSE-EE) adierazpen bateratua argitaratu dute, eta proposamena berandu iritsi zela adierazi.
Ordiziako Udalbatzak abenduaren 19an egindako osoko bilkuran jakinarazi zuen Ordiziako Udalak aurrekontu luzatuarekin hasiko zuela 2025 urtea, adostasun batera ez zirelako iritsi udalbatzako kideak. Egun hartan adierazi zuen Adur Ezenarro alkateak EH Bilduren udal gobernuak ez zuela “inolako erantzunik” jaso oposizioaren aldetik egindako proposamenaren gainean. Orain, oposizioko hiru taldeen izenean adierazpen bat argitaratu dute Joseba Aranaburuk (EAJ), Viviana Angelica Murillok (Ordizia Orain) eta Ana Maria Sanchezek (PSE-EE), esanez proposamena ez zaiela “serioa iruditzen” eta ez zela “garaiz eta behar bezala aurkeztutakoa” izan.
Ezenarro alkatea “atsekabetuta” agertu zen abenduan: “Udal talde guztiei adierazi genizuen nahiz eta emendakinak udal talde bakoitzak zuen izenean egin, erabateko prestutasuna genuela emendakin horietan jasotzen zenituzten aldaketa horiek aztertzeko eta hitz egiteko. Baina ez dugu inolako erantzunik jaso. Aukera guztiak irekita utzi ditugu beti, ez dugu inongo lerro gorririk jarri; esango nuke alderantziz, alfonbra gorria jarri dugula uneoro, mahaiaren gainean zeuden proposamen inguruan hitz egiteko”. Eta “zintzotasuna” eskatu zien oposizioko zinegotziei: “Benetan ea denbora zen arazoa, edo zilegi zen bezala, hartua zeneukaten postura edo jarrera bat aurrekontuaren inguruan, eta negoziaketarako aukerarik ez bazegoen, denok ere kontziente izan gintezela eta adieraztea besterik ez zeneukatela. Puntu honetara iritsita eta gaurko egunera iritsita, non aurreko astean esan zitzaigun aste honetan zehar zerbait jasoko genuela, proposamenen bat edo iritziren bat edo zuen jarreraren inguruko azalpenen bat, egia da erantzunik ez dugula jaso, eta nik esan behar dut, atsekabetuta nagoela, jokabidea ez dela inondik inora zintzoa izan. Ez dugu jaso egindako proposamenei dagokionez inolako ekarpen, kritika, zuzenketa edo antzekorik. Berriro esaten dut, inongo momentuan ez dugunean jarri inongo eragozpen edo lerro gorririk”.
Oposizioak oharrean adierazi du “alkateak egoeraren erantzukizuna bere gain hartu beharrean errua besteei leporatzen” diela. Haien esanetan, aurrekontuen barruan egon behar duten Ordizia Lantzen eta Majori kiroldegiko aurrekontuak berandu iritsi zitzaizkien: “Majori Konplexuaren aurrekontuak, konplexuak berak, tarifen eta prezioen aplikaziotik sortutako diru-sarrerak barne hartzen dituen. Prezio horiek 2025eko urtarrilaren 1a baino lehen onartu behar ditu Administrazio Kontseiluak. Hala ere, tarifen proposamena ez zitzaigun abenduaren 17ra arte entregatu, hau da, osoko bilkura baino bi egun lehenago. Eta, indarrean sartu eta egun gutxira, oraindik ez daukagu 2025ean Kiroldegiko tabernan aplikatuko diren prezioen proposamenik”.
Oposizioko hiru sinatzaileek gehitu dute “EH Bilduren gobernuek aurrekontu-konpromisoak ez betetzearen adierazlerik argiena Hiri Antolamenduko Plangintza Orokorra” dela: “Ordiziako lurraldearen antolamendu integralerako oinarrizko tresna. HAPOk aukera ematen du lurzorua sailkatzeko, lurzoru mota bakoitzari aplikatu beharreko erregimena zehazteko eta udalerriko ekipamendu sistemaren funtsezko elementuak zehazteko, baina, urtez urteko aurrekontua izan arren, EH Bildu ez da gai hori kudeatzeko eta gauzatzeko”.
2024ko aurrekontua
Herria “egoera negargarrian” dagoela leporatu diote udal gobernuari: “Espaloiak zikinak, bide publikoak egoera okerrean, pintadak dituzten eraikin publiko eta pribatuak, estoldak kolapsatuta, arratoi eta labezomorro izurriteak hainbat tokitan, altzari publikoa hondatua, komunak egoera txarrean, irisgarritasuna konprometitua puntu askotan irisgarritasun gabeziagatik. Kutxatila-estalkiak hainbat bidetan hondoratuta daude; herritarrek argiteria publikoa zalantzan jartzen dute hainbat gunetan; Gazte Lokala ez dago zainduta; bizikidetza-planik ez dago; eta 2024an ez da asfaltaturik egin, beste hutsune askoren artean. Gure herriaren irudia tristea da eta lehenbailehen zuzendu behar dugu, baina EH Bildu hori egiteko gai ez dela erakusten ari da”.
Aurrekontuen proiektuan lan egin duten pertsonen ahaleginerako “errespetu falta eta gutxiespena adierazi” duela eta oposizioarekin “lankidetza eta elkarlana” oztopatzen dituela ere esan dute adierazpenean, eta aurpegiratu “EAJ-PNVren eta PSE-EEren abstentzioak aukera eman zuela 2024ko aurrekontuak onartzeko eta Europako funtsek diruz lagundutako inbertsioak blindatzeko”. Oraingoan, proposatzen diren inbertsioak eta aurrekontu aldaketak “lupaz begiratuko” dituztela gehitu dute.