Sagardo uzta berria dastatzeko Goierriko lau sagardotegiak
Goierrin, sagardo berria dastatzeko lau aukera daude: Legorretan Begiristain, Zerainen Oiharte, Ordizian Tximista eta Ataunen Urbitarte. Etxean egindako sagardoa eskainiko dute denek, ohiko menuarekin batera. Guztiek gomendatzen dute, aldez aurretik erreserba egitea, sorpresarik izan ez dadin.
Aitor Esnaola, Tximista (Ordizia): «Botilatik ez bezala, esperientzia zabalagoa lortzen da upeletik dastatuta»
Goierriko Txotx denboraldi berriari hasiera eman diote Tximista sagardotegian. Aitor Esnaola bertako arduradunak azaldu duenez «lan askoko hilabeteak» izan dira irekierara iristeko. «Irail erditik urri bukaerara, ekoizpen lanak izaten dira, hau da, sagardoa prestatzea, eta azken asteak izan dira gehiago, txotx denboraldirako lan taldea, hornitzaileekin hartu-emana,… eta horiek ixtea».
Begi bistan ez dauden lanak osatuta, «ilusioz» dago, sagardozaleak Tximistan ondu duten zuku preziatuak dastatzen has daitezen. «Gure helburua, ekoizle txiki bezala kantitate handiak ez ditugu egiten, baina bai ahalegintzen gara kupela desberdin asko izatea. Gure sagardo gehiena txotx-ean kontsumitzen da eta nahi izaten dugu, sagardotegira etortzen denak, sagardo desberdinak dastatzeko aukera izatea». Hori lortzeko, zer egiten duten ere kontatu du Esnaolak: «Sagar barietate bakarrekoak dira batzuk, gezamina eta urtebi txikiz egindakoak dira. Eta nahasketak egiterako garaian, emaitza desberdinak lortzen saiatzen gara: bat gaziagoa; beste bat gezagoa; eta orekatuagoak. Hau, botilan ez bezala, esperientzia zabalagoa lortzen da upeletik dastatuta». Azken finean, bilatzen dutena da, «norbere gustuko sagardoa aurki dezatela Tximista sagardotegira datozenek».
Tximista sagardotegiko esperientzia probatu nahi dutenek, 943 88 11 28 telefonora deituta, tximistasagardotegia.com webgunean edota sagardoa.eus webgunean egin daitezke erreserbak. Txotx bitartez sagardoa dastatzeko aukera uda arte luzatuko da Tximistan.
Ordiziara inguratzeko, tren eta autobus zerbitzuak daude.
Iñaki Begiristain, Begiristain (Legorreta): «Azken egun hauetan asko nabaritu dugu telefonoan, jo eta jo ari da»
Tximista sagardotegiko ekitaldian parte hartu zuen Iñaki Begiristain Legorretako Begiristain sagardotegiko arduradunak ere. «Urteko sasoi honetan ilusio berezia izaten dut denboraldiari hasiera emateko, gogotsu nago!», adierazi du sagardo berria dastatu ondoren. Baina ez da gogotsu dagoen bakarra kontatu duenez: «Azken egun hauetan asko nabaritu dugu telefonoan. Jo eta jo ari da. Larunbat eguerdietarako eskaera mordoa jaso dugu. Inoiz baino azkarrago hasi da jendea erreserbak egiten», aurreratu du pozik, jendearen gogoa ikusita.
Begiristainen izango duten giro «tradizionala» nabarmendu du, eta eskaintzari dagokionez, aurreratu du «beste behin bertako sagarra ahalik eta gehien erabiltzen saiatu» direla. Aurten %70-%75 artean erabili dute, bertako sagarra. «Urtetik urtera igotzen ari gara portzentaia, nahi dugulako, dena bertako sagarrarekin egitera iristea».
Sagardo «txukunak» egitea lortu dutela ere esan du, «gorputzez politak eta usai onekoak, lagunekin edota senitartekoekin mahaiaren bueltan eseri eta giro onean gozatzeko aparta dela esango nuke». Aurtengo uztarekin, beraz, «gustura» agertu da Begiristain, eta sagardozaleak dituzten barietateak dastatzen has daitezen «gogoz» dago.
2025 urteko Txotx denboraldiaren aitzakian ekoiztu duten kantitateari dagokionez, «urteroko moduan» egin dutela, beraz, inor ez dela geldituko Begiristain etxeko sagardoak dastatu gabe.
Erreserbak egiteko, 943 80 60 66 telefono zenbakira deituta edota sagardoa.eus webgunearen bitartez.
Legorretara gerturatzeko, tren eta autobus zerbitzuak daude.
Maite Retolaza, Oiharte (Zerain): «Animatu nahi ditugu den-denak, sagardotegi bat barru-barrutik ezagutzera»
Zeraingo Oiharte sagardotegiko Maite Retolazak ere ez zuen hutsik egin. «Txotx denboraldia hasteko prest gaude, jendea etor dadila!», animatu ditu denak. Euskal sagardo deiturako lehendakaria izendatu dute ere.
Eskaintzari dagokionez, aspaldi hasi ziren Oiharten sagardoaren inguruan ikertzen, barietate desberdinak ekoizteko. Sagardo naturalaz gain, ekologikoa eta premium barietatea dituzte aukeran. Baina gainera, produktu bereziagoak ere badituzte eskaintza osatzeko. Retolazak berak zerrendatu dituenez, egurrezko upelean hartzitutakoak, lupulatuak, haparduna, izotzezko sagardoa, eta alkoholik gabeko muztioa dituzte.
Sagadortegian erreserba egin eta bertako menua dastatzeaz gain, Oiharteko upategira bisita gidatua egin daiteke. «Animatu nahi ditugu den-denak, sagardotegi bat barru-barrutik ezagutzera. Sagardozaleek edaten duten botila horren atzean dagoen lan guztia bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea baita. Esperientzia polita da!», iragarri du Retolazak. Webgunean, esperientzia desberdinak eros daitezke: bisita gidatua bakarrik (sagardo dastaketa eta txorizo pintxoa sartzen dira); bisita gidatua eta sagardotegiko menua; eta Euskal Sagardoa eta Oiharte Sagardotegia esperientzia (aurreko guztiari Igartubeitira bisita gehitzen diona).
Edozein dela bisitariak bizi nahi duen esperientzia, aurrez erreserba egin behar da. Telefonoz 690 793 507ra edo 686 299 158ra deituta, sagardotegia@oiharte.com epostara idatzita, oiharte.com webgunean sartuta, edota sagardoa.eus webgunearen bidez egin daiteke.
Nekazalturismoa ere badute. Erreserbak egiteko aurrez aipatutako bideak erabil daitezke.
Demetrio Terradillos, Urbitarte (Ataun): «Hasteko gogoz nengoen iritziak entzuteko, jendeak zer esaten duen,…»
Urbitarte sagardotegian, Ataunen, badute esperientzia pixka bat. 1991n hartu zuen ardura Demetrio Terradillosek, Goierriko Txotx irekierako ekitaldian ere egon zena. «Gu dagoeneko irekita gaude», aurreratu da esaten. «Iragan ostiralean hasi ginen», borobildu du. «Hasteko gogoz nengoen iritziak entzuteko, jendeak zer esaten duen…», saltsa gustuko du.
Urbitarte dastatu ahalko den sagardoari dagokionez nabarmendu du «etxeko sagarrarekin egindako sagardoa da ia dena. 25.000 kilo ekarri ditugu kanpotik bakarrik, beraz, gainerako guztia etxekoa izateagatik oso-oso gustura gaude». Egun hauetan Urbitarteko sagardoa dastatu ahal izan dutenek adierazi diote «mikatz puntua duela, goxo puntua ere bai, uste dut gurera datozenak pozik utziko dituela, gustuko izango dutela». Aukeran izango dituzte Urbitarte sagardoa, betiko sagardo naturala; Urbitarte D.O sagardoa bertako sagarra bakarrik erabiliz egiten dena; Lamia haritz kupelean ondua eta Narbarteko Gorriarekin egina; eta Saarte sagardo ondua.
Kopuruei dagokienez, gogoratu du «iaz motz xamar» gelditu zirela, eta aurtengo denboraldirako «pixka bat gehiago» egitea erabaki dutela, «130.000 litro». Uste du, «inor sagardorik gabe ez geratzeko» moduko kopurua ekoiztu dutela.
Goierriko eta kanpoko jende asko espero dute. Astelehenetan etena egiten dute, baina gainontzean irekita daude ateak. Astearte eta asteazken afaltzeko, eta gainontzeko egunak bazkaltzeko eta afaltzeko.
Urbitarteko sagardotegiko menua dastatu nahi duten haiei erreserba egitea gomendatu die. Horretarako, 943 18 01 19 telefono zenbakira deitu behar da. Bigarren aukera bat ere bada, sagardoa.eus webgunearen bidez.