Aialderen 'Zumalacarregui' olio-pintura Ormaiztegin dago jada
1966 eta 1968 urte artean Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren eskariz egindako lan bat da. Hiru hilabetez egongo da Zumalakarregi museoan ikusgai.
Antonio Valverde Aialde (Errenteria, 1915-Oiartzun, 1970) margolariaren Zumalacarregui olio-pintura ikusgai dago gaurtik, Ormaiztegiko Zumalakarregi museoko MusealiaK gunean, bigarren solairuan. Gaur goizean egin dute aurkezpen ekitaldia eta bertan izan da Lola Valverde Aialde zenaren alaba, besteak beste. Data ez da zoriz aukeratutakoa izan: Aialderen jaiotzaren 110. urteurrena ospatzen baita gaur, hain zuzen.
60ko hamarkadan Gipuzkoako Aurrezki Kutxak Aialderi egindako enkargu baten emaitza da Ormaiztegin ikusgai dagoena. Valverdek azaldu duenez, bilduma zabalago baten parte da “1966 eta 1968 urte artean egindako Gipuzkoako 18 pertsonai historikoren erretratuek” osatzen dutena, alegia.
Margolanen protagonistak pertsonai historikoak izanik, leku ezberdinetan bilatu zituen erreferentziak Aialdek erretratuak egin ahal izateko. Sarri lagunak, ezagunak eta senitartekoak jartzen zituen modelo lanetan, eta gero unean uneko pertsonaiaren xehetasunak gehitzen zizkion.
Harreman estua izan zuen bere garaiko kultur sortzaile eta eragileekin, Txillida esaterako lagun handia zuen. “Txillidak Zumalakarregiren oinordekoa zela kontatu zion, aitak antza hartu zien eta bera jarri zuen lan honetarako modelo lanetan”. Errenteriako familiako Aialde etxean margotzen zuen —hortik ezizena—.
Gizon polifazetikoa
Aialdek familiako inprimategian —Industrias Graficas Valverde— egiten zuen lan eta laneko orduetatik kanpo margotzen zuen. Ascensio Martiarena margolariaren ikaslea izan zen. Euskaldun berria zen, eta Elvira Zipitriak Donostian irekitako eskola ezkutuan ikasi zuen euskara; “lana amaitu eta joaten zen hara, haurrek amaitu eta aita sartzen zen”, gogoratu du alabak. Euskaldun berria izanik, gerora Euskaltzain urgazle eta Euskalerriaren Adiskideen elkarteko kidea izatera iritsi zen.
Margotzea ez ezik, idaztea ere asko gustatzen zitzaion “euskal kulturarekin zerikusia zuen guztiak erakartzen zuen”, esan du Mikel Alberdi Zumalakarregi museoko artxibo arduradunak. El Bidasoa, Oarso, La Voz de España, Egan eta Olerti aldizkarietan eman zituen argitara idazlan aipagarrienak. Arte grafikoak ere landu zituen lanbideagatik, baita testuen ilustrazioa ere. Lizardiren Biotz-begietan eta Orixeren Euskaldunak liburuen berrargitalpenak ilustratu zituen, esaterako.
Antton Valverde musikariaren, Rosa Valverde margolariaren eta Lola Valverde historialariaren aita zen.