Geltokia Ezkion bai ala ez?
Abiadura Handiko Trenaren Nafarroarekiko lotura Gipuzkoatik edo Arabatik izango den ez dago erabakita gaur gaurkoz. Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak informazio falta salatu du eta ekintzara pasatzea eskatu dio Gipuzkoako Foru Aldundiari.
Abiadura Handiko Trena Nafarroarekin lotzeko zein da aukera onena, Ezkio-Itsaso ala Gasteiz? Hauxe da gaur egun auzi nagusia. Gasteizko alternatiba indarra hartzen ari da Espainiako gobernuaren baitan, Euskal Y-koa Iruñearekin lotzeko aukera nagusi gisa, Ezkio-Itsasoko konexioa alde batera utzita. Euskal Herrian iritziak askotarikoak dira arrazoi ekologiko zein ekonomikoak argudiatuta. Gipuzkoako Foru Aldundiak, esaterako, Ezkio-Itsasoko loturaren aldeko jarrera aitortu du; Arabakoak, aldiz, Gasteizen aldekoa. Atzean interes ekonomikoak edo politikoak dauden jakitea ez da erraza. Joseba Telleria Ezkio-Itsasoko alkateak «informazio falta» salatu du eta «hitzetatik ekintzara» pasatzeko beharra.
2011tik amaituta daude Ezkion AHTaren azpiegituraren lanik handienak. Orain hiru urte hasi zituzten geltokiko lanak; «gehiena eginda dago, baina ez guztiz amaituta», dio. Ordutik, lanak ez direla gelditu dio Telleriak, «poliki baina lanak bere martxan doaz». Orain ere ari dira, «Zumarragan hasita soinuarentzako panelak jartzen ari dira. Lan horiek 2,4 milioi euroko aurrekontua dute», argitu du.
Geltokia bai ala ez?
Alkateak azpimarratu duenez, Ezkion eta Itsason ez dira inoiz AHTaren aldekoak izan; inposatutako proiektua izan da, herri mailan eragin nabarmenak eragin dituena: « Herria bitan zatitu digu». Baina orain, egin beharreko ariketa beste bat da, «jada egindakoa eginda dago; baina lotura Gasteiztik zeharrekoa bada, itxura guztien arabera trena ez da Ezkion geratuko. Zer izan behar du, trena pasatzen ikusteko bakarrik?», galdegin du. Zumarragako ospitaleak hartzen duen biztanleen eremua aintzat hartuta —Urola Erdikoak barne— 100.000 biztanle ingururi emango lioke zerbitzua Ezkioko tren geltokiak, «gainera, Deba Goienekoak ere hona joko lukete, bertatik bertara baitaukate. Eskualde guztiak garraio publikoz lotzea ere erraza litzateke», hausnartu du.
Informazio dantza honen erdian «garbi ezer gutxi» dagoela gaineratu du, «daukagun informazio eskasa, sarri komunikabideek filtratzen dutena da». Beste hausnarketa bat ere egin du, «ulertzen ez dudana da Gasteizen kasuan horrenbeste zalaparta. Lotura izan edo ez izan bere geltokia izango du Gasteizek, gainontzeko hiriburu guztiek bezala. Espainiako mesetarekin konexioa derrigorrean pasatuko da Arabatik. Despistera jokatzen ari dira gai honekin».
Hitzetatik ekintzara
Gaur egungo egoeran, «garrantzitsuena hitzetatik ekintzara» pasatzea da Telleriaren ustez. «Ezkiok geltokia izango badu, prestatu beharra daukagu, aurrea hartu. Aldundiari eskatzen diogu laguntzeko zentzu horretan», dio. Adibidez, «garrantzitsua» da N-1 autobidetik Ezkiora sarbide zuzena izatea, «baskula dagoen eremua berez irteera bat da, horretarako prestatuta dago eta proiektu bat ere badago. Egin gabe dago diru faltagatik eta trenaren obren garapenak baldintzatuta». Honek Santa Lutzi auzoko trafikoan ere eragina izango luke, «trafiko astun guztia autobidetik poligonora joango litzakeelako zuzenean. Bertako trafikoa baino gehiago pasatzen da gaur egun herri gunetik; gehiago ordainsaria jarri zutenetik».
Telleria lotura Ezkio-Itsasotik barrena egitekoaren aldekoa da, orain arte emandako arrazoiez gain, ingurumen-inpaktua ere Arabatik zeharrekoa baino txikiagoa izango delako “txosten guztiek hori diote”, azpimarratu du. Ezkioko loturak, baina, bere alde txarrak ere baditu “Alegi auzoan berriro ere obrak ekarriko lituzte falta den azpiegitura zatia amaitzeko”, amaitu du.