«Azken egun hauetan asko nabaritu dugu telefonoan, jo eta jo ari da»
Tximista sagardotegiko ekitaldian parte hartu zuen Iñaki Begiristain Legorretako Begiristain sagardotegiko arduradunak ere. «Urteko sasoi honetan ilusio berezia izaten dut denboraldiari hasiera emateko, gogotsu nago!», adierazi du sagardo berria dastatu ondoren. Baina ez da gogotsu dagoen bakarra kontatu duenez: «Azken egun hauetan asko nabaritu dugu telefonoan. Jo eta jo ari da. Larunbat eguerdietarako eskaera mordoa jaso dugu. Inoiz baino azkarrago hasi da jendea erreserbak egiten», aurreratu du pozik, jendearen gogoa ikusita.
Begiristainen izango duten giro «tradizionala» nabarmendu du, eta eskaintzari dagokionez, aurreratu du «beste behin bertako sagarra ahalik eta gehien erabiltzen saiatu» direla. Aurten %70-%75 artean erabili dute, bertako sagarra. «Urtetik urtera igotzen ari gara portzentaia, nahi dugulako, dena bertako sagarrarekin egitera iristea».
Sagardo «txukunak» egitea lortu dutela ere esan du, «gorputzez politak eta usai onekoak, lagunekin edota senitartekoekin mahaiaren bueltan eseri eta giro onean gozatzeko aparta dela esango nuke». Aurtengo uztarekin, beraz, «gustura» agertu da Begiristain, eta sagardozaleak dituzten barietateak dastatzen has daitezen «gogoz» dago.
2025 urteko Txotx denboraldiaren aitzakian ekoiztu duten kantitateari dagokionez, «urteroko moduan» egin dutela, beraz, inor ez dela geldituko Begiristain etxeko sagardoak dastatu gabe.
Erreserbak egiteko, 943 80 60 66 telefono zenbakira deituta edota sagardoa.eus webgunearen bitartez.
Legorretara gerturatzeko, tren eta autobus zerbitzuak daude.