Lurraldebuseko gidari batek salatu du lanean ari zela erasotu egin dutela
Abenduaren 28an izan zen, zirkulazioko tirabira batean Lazkaon. Bi gizonek iraindu, kolpatu eta lurrera bota zutela salatu du.
Herritarren garraiorako lineako autobus zerbitzua ematen duen Lurraldebusen gidari batek eraso fisikoa eta irain arrazistak jasan dituela salatu du. Gertaera abenduaren 28an izan zen, larunbat arratsaldea, Lazkaon. Zirkulazioko tirabira baten ondoren, bi gizonezkok gidaria iraindu, kolpatu eta lurrera bota zuten, salaketak dioen arabera.
Erasotutako txoferrak egunkari honi azaldu dionez, Beasain eta Lazkao arteko zerbitzua bukatu, eta autobusarekin beste zerbitzu batera zihoan. Lazkaoko San Inazio auzoan, Areso kalera hartzeko bihurgune itxian izan zen gertakaria, 16:25 aldera. «Bihurgunea hartzerakoan nire errailetik atera eta bestera sartu nintzen; normala da hori, bihurgune itxia da-eta autobusentzat. Auto bat zetorren kontrako bidean, nire ustez abiadura oso handian eta kale horretarako egokia ez denean. Besoa jaso zidan, eta aurreraxeago geratu egin nintzen. Hura ere geratu, eta irainka hasi zitzaidan, nire azalaren kolore beltzarana aipatuz eta jatorria susmatuta», kontatu du gidariak.
Irain arrazistez gain, auto hartakoen sendikoen beste auto bat ere gelditu zen, aurretik zihoana: «Atzeranzka hurbildu zen, abiada bizian. Autobusari kolpeka hasi ziren bi, nire kontrako irainei utzi gabe. Atea ireki, eta mugikorrarekin argazkiak ateratzera jaitsi nintzen, autobusa puskatzen ari ziren eta. Familiakoak ziren bi autoetakoak, beteta zihoazen».
Kolpeak eta lesioak
Argazkiak ateratzen ari zela ikusitakoan, gidariaren kontra fisikoki ekin zuten bi gizonezkok. «Lepotik heldu zidan batek, eta besteak telefonoa hausteko esaten zion. Poltsikoan sartu nuen, kendu ez ziezadaten. Eraso egin zidaten, jo egin ninduten, kolpeak eman zizkidaten eta lurrera bota ninduten. Ez ninduten askatzen, oso urduri zeuden», salatu du txoferrak.
«Eraso egin zidaten, jo egin ninduten, kolpeak eman zizkidaten eta lurrera bota ninduten. Ez ninduten askatzen, oso urduri zeuden»
Kalean eta bidean jende gehiago zebilen arren –bi noranzkoetan zirkulazioa itxita geratu zen–, laguntzera inor ez zitzaiola hurbildu ere gogoratu du gidariak. «Kotxeetatik jaitsi ziren batzuk, baina inor ez zen hurbildu. Euren autoetako batetik emakume bat irten zen, ea zoratuta zeuden galdezka eta egoera baretzen saiatzeko. Modu txarrean eta bultzaka sarrarazi zuten berriro autora. Une hori aprobetxatu nuen nik autobusean sartu, atea blokatu eta Ertzaintzari deitzeko».
Ertzainak iritsi zirenerako, bi autoek alde egin zuten. Salaketa jarri du, eta ikertzen ari da Ertzaintza. Ospitalean artatu eta lesio partea egin zioten gidariari.
Babesgabetasuna
Bajan dago harrezkeroztik erasoa jasandako gidaria. «Oso gaizki» pasatzen ari dela aitortu du. «Legea existitzen bada, bere lana egin behar du. Gauza hauek salatu beharra dago. Nik ez dut honekin ezer lortu nahi, kendu didaten duintasuna berreskuratu besterik». Irain arrazistengatik ere minduta dago oso, eta etorkinen kolektiboa babesik gabe eta «ahaztuta» dagoela gaineratu du.
«Legea existitzen bada, bere lana egin behar du. Gauza hauek salatu beharra dago. Nik ez dut honekin ezer lortu nahi, kendu didaten duintasuna berreskuratu besterik»
Enpresaren jarrera ere deitoratu du, eta «moralki asko eragin» diola dio. Bilman Bus konpainiak du Goierrin Lurraldebusen kontzesioa 2019ko abendutik. «Enpresak ez nau babestu, eskuak garbitu ditu, ez du salaketarik aurkeztu. Deitu nien, idatzi bat bidali nien. Ez zidaten astelehenera arte deitu, eta hori ere ea lanera joango nintzen jakiteko, ez zer moduz nengoen galdetzeko». Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbait ba ote dakien ere galdetu du, etsita. «Arratsalde hartako zerbitzua, publikoa eta herritarrentzat dena, eten egin zen. Gu asko zigortzen gaituzte berandu ailegatzeagatik; badirudi orduan ez zela arazorik izan».