«Animatu nahi ditugu den-denak sagardotegi bat barru-barrutik ezagutzera»
Zeraingo Oiharte sagardotegiko Maite Retolazak ere ez zuen hutsik egin. «Txotx denboraldia hasteko prest gaude, jendea etor dadila!», animatu ditu denak. Euskal sagardo deiturako lehendakaria izendatu dute ere.
Eskaintzari dagokionez, aspaldi hasi ziren Oiharten sagardoaren inguruan ikertzen, barietate desberdinak ekoizteko. Sagardo naturalaz gain, ekologikoa eta premium barietatea dituzte aukeran. Baina gainera, produktu bereziagoak ere badituzte eskaintza osatzeko. Retolazak berak zerrendatu dituenez, egurrezko upelean hartzitutakoak, lupulatuak, haparduna, izotzezko sagardoa, eta alkoholik gabeko muztioa dituzte.
Sagadortegian erreserba egin eta bertako menua dastatzeaz gain, Oiharteko upategira bisita gidatua egin daiteke. «Animatu nahi ditugu den-denak, sagardotegi bat barru-barrutik ezagutzera. Sagardozaleek edaten duten botila horren atzean dagoen lan guztia bertatik bertara ezagutzeko aukera paregabea baita. Esperientzia polita da!», iragarri du Retolazak. Webgunean, esperientzia desberdinak eros daitezke: bisita gidatua bakarrik (sagardo dastaketa eta txorizo pintxoa sartzen dira); bisita gidatua eta sagardotegiko menua; eta Euskal Sagardoa eta Oiharte Sagardotegia esperientzia (aurreko guztiari Igartubeitira bisita gehitzen diona).
Edozein dela bisitariak bizi nahi duen esperientzia, aurrez erreserba egin behar da. Telefonoz 690 793 507ra edo 686 299 158ra deituta, sagardotegia@oiharte.com epostara idatzita, oiharte.com webgunean sartuta, edota sagardoa.eus webgunearen bidez egin daiteke.
Nekazalturismoa ere badute. Erreserbak egiteko aurrez aipatutako bideak erabil daitezke.