«Botilatik ez bezala, esperientzia zabalagoa lortzen da upeletik dastatuta»
Goierriko Txotx denboraldi berriari hasiera eman diote Tximista sagardotegian. Aitor Esnaola bertako arduradunak azaldu duenez «lan askoko hilabeteak» izan dira irekierara iristeko. «Irail erditik urri bukaerara, ekoizpen lanak izaten dira, hau da, sagardoa prestatzea, eta azken asteak izan dira gehiago, txotx denboraldirako lan taldea, hornitzaileekin hartu-emana,… eta horiek ixtea».
Begi bistan ez dauden lanak osatuta, «ilusioz» dago, sagardozaleak Tximistan ondu duten zuku preziatuak dastatzen has daitezen. «Gure helburua, ekoizle txiki bezala kantitate handiak ez ditugu egiten, baina bai ahalegintzen gara kupela desberdin asko izatea. Gure sagardo gehiena txotx-ean kontsumitzen da eta nahi izaten dugu, sagardotegira etortzen denak, sagardo desberdinak dastatzeko aukera izatea». Hori lortzeko, zer egiten duten ere kontatu du Esnaolak: «Sagar barietate bakarrekoak dira batzuk, gezamina eta urtebi txikiz egindakoak dira. Eta nahasketak egiterako garaian, emaitza desberdinak lortzen saiatzen gara: bat gaziagoa; beste bat gezagoa; eta orekatuagoak. Hau, botilan ez bezala, esperientzia zabalagoa lortzen da upeletik dastatuta». Azken finean, bilatzen dutena da, «norbere gustuko sagardoa aurki dezatela Tximista sagardotegira datozenek».
Tximista sagardotegiko esperientzia probatu nahi dutenek, 943 88 11 28 telefonora deituta, tximistasagardotegia.com webgunean edota sagardoa.eus webgunean egin daitezke erreserbak. Txotx bitartez sagardoa dastatzeko aukera uda arte luzatuko da Tximistan.
Ordiziara inguratzeko, tren eta autobus zerbitzuak daude.