Beteranoak mendean hartu du gaztea
Igor Juantorenak 13 bat minutuko aldea atera dio Aimar Zubillagari. Emozio gutxiko norgehiagoka izan da, baina Alegiko frontoia jendez bete da apustuak erakarrita.
Erraz, alde handiarekin irabazi du gaur Igor Juantorenak Alegi auzoan Aimar Zubillagaren aurka jokatu duen aizkora apustua. Ikusmin handia sortu du norgehiagokak eta Alegiko frontoia jendez lepo bete da gaur arratsaldean. Juantorenak 21 minutu eta 32 segundotan amaitu du lana, Zubillagak aldiz, 34 minutu eta 52 segundo behar izan ditu aurrez hitzartutako lau enborrak mozteko.
Garaipena sorpresa izan da Juantorenarentzat, lanak amaitu berritan adierazi duenez: “Ez nuen espero, zerbait gogorragoa eta lehiatuagoa espero nuen. Sufritutako garaipena izan da baino gustura nago. Urduri hasi naiz, nahikoa akats ere egin ditut baina azkenean ondo amaitu da”, esan du. Xabier eta Jon Zaldua aita-seme zumarragarrak izan ditu laguntzaile eta haien babesa ere eskertu nahi izan du irabazleak. Nahi baino gutxiago entrenatuta iritsi da gaur Juantorena, “entrenatzen ebaki bat egin nuen hankan eta hilabetez geldi egon behar izan nuen”, kontatu du.
Ormaiztegiko San Andres jaietan adostu zuten desafioa, mozorro egunean. Aztiri erretegian lau lagunentzako afaria zegoen jokoan, Juantorenak azpimarratu duenez, helburua “auzoan festa giroa jartzea” izan baita hasieratik.
Zubillaga, errebantxa gogoz
Zubillagak nekatuta amaitu du apustua. Juantorenak amaituta, 13 minutuz bakarrik aritu da enbor mozten, bertaratutakoen animoek lagunduta. Gabiriako Altzibar baserriko Josetxo eta Edorta Atin osaba-ilobak izan ditu laguntzaile lanetan. “Nahi baino okerrago” aritu dela esan du, entrenatzeko denbora gutxi izan duela argudiatuta. Bizkarreko minez ere egon da eta nahi baino denbora gutxiago izan du entrenatzeko. “Egurra, ez da galtzeko aitzakia izan, ez zeukan adarrik eta erraz libratzen zen. Nahikoa enbor onak egokitu zaizkit”, esan du. Galtzaile izateak ez du kikildu, ordea, eta Juantorenari errebantxa botako diola aurreratu du.
Gaur arratsaldeko hitzordua Goierriko garai bateko eta gaur egungo aizkolariak elkartzeko aitzakia ere izan da. Bertan izan dira, esaterako, Jabier Elorriaga, Xabier Dorronsoro, Joxe Ugarteburu, Urteaga, Julen Aranberri, Xabier Zaldua, Jon Zaldua eta Unai Etxeberria Osinalde, besteren artean.