‘Fikziohesioa’ ikuskizuna egin dute Garingo San Sebastian jaien baitan
Garingo eliza goraino bete da Kalte kolektiboaren antzezlana ikusteko. Omar Somai garindarra da taldeko kideetako bat. Festak Garingo lasterketaren 11. edizioarekin amaituko dituzte bihar.
Goizeko 10:00etako kanpai bueltek iragarri dute gaur, Garingo San Sebastian jaien hasiera. Auzotarren elkarlanari esker, egitarau oparoa dute aurretik, gaur eta bihar.
Kanpai buelten ondoren, meza nagusia egin dute eta Beasaingo txistularien kalejira gero. Goizeko ekitaldi eskaintza osatzeko Kalte kolektiboaren Fikziohesioa antzezlana eskaini dute Garingo elizan, 12:30ean. Ikusmina sortu du antzezlanak, aktoreetako bat, Omar Somai garindarra tartean. Eliza lepo bete da.
Somai garindarra den arren, Donostian bizi da gaur egun. 16 urterekin hasi zen aktore lanetan Libanon eta New York-en ere aritu zen gero. Euskal Herrira itzulita Donostiako Antzerki Eskolan aktore ikasketak egin zituen; orain bi urte amaitu zituen arte. Kalte kolektiboa antzerki eskolan ezagututako sei lagunek osatzen dute: Somai bera, Ander Lacalle, Eider Villalba, Iholdi Beristain, Gaizka Sarasua eta Luix Mitxelenak.
Fikziohesioa-k, hain zuzen, ikasgelan landu zuten antzezlan bat du oinarrian, “Bilboko Pabellon 6 antzerki laburren jaialdirako sortu genuen”, azaldu du Somaik. 2023An taldeko interpretazio onenaren saria eman zieten lan honi esker. Ordutik ikuskizuna luzatu eta moldatu dute. “Fikziohesiorako film ikoniko batzuk aukeratu ditugu eta gorputzaren bitartez film horietako une ezagunak irudikatzen ditugu. Komedia puntu bat badauka ikuskizunak baina nostalgiarekin jolasten ere saiatzen gara”, dio. Koreografia luze bat bezala definitu du gaur taularatu duten ikuskizuna eta hitz askoko antzezlana ez bada ere euskarak badu bere protagonismoa, “normalean film hauek euskaraz ikusteko aukera gutxi egoten delako”.
Garinen antzeztu duen lehendabiziko aldia izan da gaurkoa Somairentzat eta ikuskizuna hasi aurretik “urduri” zegoela aitortu du, “etxeko guztiak niri begira egongo direla jakiteak presio puntu bat sortzen dit, baina gustura nago. Ilusio berezia egiten dit Garinen antzezteak”, amaitu du. 2024a urte arrakastatsua izan dute, emanaldi ugari eskaini baitituzte. Aurten ere hasita daude hainbat hitzordu lotzen, hurrengoa otsailaren 8an izango da Portugaleteko merkatuan.
Hitzordu nagusia bihar
Muñogain elkartean herri bazkaria egin dute gero eta mus eta punttu txapelketarekin girotuko dute bazkalondorena. Arratsaldean haurrentzako jolasak izango dira pilotalekuan eta ondoren, gaztainak, sagardoa eta txokolatea banatuko dituzte.
Trapalata txarangarekin esnatuko dira garindarrak igandean. 10:00etan hasita goiz osoan ariko da. Iaz jo zuten lehenengoz bertan, eta izandako arrakasta ikusita, aurten ere gonbidatu dituzte auzoa girotzeko.
11:00etan, berriz, hamaikagarren Garingo lasterketa jokatuko da, Goierri Kopa Traileko lehenengo proba puntuagarria izango dena. Lehen sailkatua 12:00ak aldera helmugaratzea espero da. Sari banaketa 13:30ean egingo dute. Aurten ere, Iñigo Andreu garindarrak eskuz egindako trofeoak banatuko dituzte irabazleen artean.
Ibilgailuen trafikoari dagokionez, antolakuntzak eskatu du autoa partekatzeko, garaiz iristeko eta momentu oro antolakuntzak esandakoa errespetatzeko.