Jose Antonio Mujikak megalitoei buruzko bisita gidatua egin du Barandiaran museoan
Euskaraz egin den bisita gidatuan 15 bat pertsonek parte hartu dute. Erakusketa otsailaren 16ra arte egongo da ikusgai Ataunen.
Megalitoak. Eremu sakratuak eta lurralde erreferenteak erakusketa zabaldu dute gaur goizean Ataungo Barandiaran museoan. Erakusketa irekitzearekin batera, Jose Antonio Mujika historialariak bisita gidatua egin du erakusketaren inguruko xehetasunak azaltzeko. Guztira, 15 bat pertsonak parte hartu dute bisitan. Erakusketa otsailaren 16ra arte egongo da ikusgai Ataunen, Barandiaran museoaren ohiko ordutegian.
Megalitoak lehenengo adierazpen arkitektonikoak dira, eta mendebaldeko Pirinioetan gertatu ziren aldaketak islatzen dituzte, zehazki euskal mendietan, non emakume eta gizon taldeek natura etxekotzen ikasi zuten, eta lehenengo aldiz paisaia eraldatu zuten nekazaritza, abeltzaintza eta basogintzako ustiapenen eta lurralde antolamenduaren bitartez.
Hilobiak eta mugak
Erakusketan V. milurtekoaren azken herenaren eta gure aroaren aurreko I. milurtekoaren amaieraren arteko aldia jorratzen da, garai horretan eraiki baitzituzten megalitoak. Trikuharri, menhir, zista eta tumuluen ezaugarriak xehatu ditu Mujikak gaur goizeko bisitan, eta mendeetan izan zuten bilakaera ere azaldu du. Megalitoak izatez, hilobiak zirela bai, baina tokian tokian bizi ziren giza taldeen eremuak finkatu eta zehazteko ere balio zutela adierazi du.
Bisitariek Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan dauden mota horietako 1.000 monumentu baino gehiago, klima aldaketen ondorioak eta aldi horretan gertatu ziren paisaiaren eraldaketak ezagutu ahal izango dituzte, baita XIX. eta XX. mendeetako ikertzaile aitzindarien lana ere.
Erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiaren Arkeologia Museoak sustatu, koordinatu eta ekoitzi du, eta Juan Carlos Lopez Quintanak (Agiri Arkeologia Elkarteko ikertzaileak), Jose Antonio Mujikak (UPV/EHUko historiaurreko irakasleak eta Jose Miguel Barandiaran katedraren zuzendariak) eta Javier Fernandez Erasok (UPV/EHUko katedradunak) komisariatu eta dokumentatu dute.