Gainditze eta abentura istorio bat
Eneritz Martin Diaz del Rio beasaindarrak ‘Estela, bidaia’ eleberri laburra argitaratu du euskaraz. Bere gainditze istorio pertsonalean oinarrituta dago.
Eneritz Martin Diaz del Rio (Beasain, 2000) etengabe bere burua gainditzeak motibatzen du eta, ilusioz, ahaleginez eta dedikazioz, edozein oztopo gaindi daitekeela erakutsi du. Desafioetan aurkitzen du indarra eta pasioa. Gainera, trebetasun berezia du ezbeharrak aukera berri bihurtzeko.
Hemezortzi urterekin, Eneritzen bizitzak ustekabeko bira bat eman zuen. Garuneko tumore bat diagnostikatu zioten, erronka berriei ekiteko zorian zegoenean. Hain justu, unibertsitateko ikasketetan murgiltzera zihoan. Bere planak erori egin ziren eta bere mundua erabat aldatu zen. Bi ebakuntza egin zizkioten eta berreskuratze-prozesu luze bati egin behar izan zion aurre. Bizitzen ikasi behar izan zuen berriro. Hala eta guztiz ere, ez zuen amore eman; izan ere, inoiz baino gogotsuago eta barneko indar guztiarekin gainditu zuen bere burua eta parean aurkitu zituen zailtasun guztiak, ondoko guztientzat ere kemen iturri bihurtuz.
Inspiratzailea
Orain, bizi izan zuen guztia inspirazio-iturri bihurtu da, eta eleberri labur batera eraman du. Estela, bidaia du izenburua. Gaztelaniaz argitaratu zuen lehenik. Abuztuan egin zuen liburuaren aurkezpena, eta euskarazko bertsioa kaleratu du orain. Amaia Ezkiaga Iparragirre haren irakasle izandakoak egin du itzulpena.
Helburu zehatz batekin argitaratu du liburu hau. Martinek besteei laguntzeko eta bere mezua helarazteko duen nahitik sortzen da. «Bidea harriz beteta egon arren, beti da posible harriok gainditzea eta aurrera egitea», adierazi du liburuaren egileak. Berak dioen bezala, «istorio honekin, zailtasunei aurre egiten lagundu nahi» die beste pertsona batzuei.
35 orrialdetan, 18 urte bete berri dituen neska gazte baten istorioa kontatzen du, eta bidaltzailerik gabeko opari sorpresa bat jasotzen du. Opariak itsasontziz bidaia bat egiteko proposamen bat dakar. Zeharkaldian, protagonistak gainditu beharreko hainbat zailtasuni aurre egin beharko die. Gainera, Arrantzalea ezagutuko du, istorioan funtsezkoa den pertsonaia, idazlearen bizitzan oso pertsona garrantzitsua irudikatzen duena.
«Bidea harriz beteta egon arren, beti da posible harriok gainditzea eta aurrera egitea»
«Haurrei, gazteei zein helduei zuzenduta dago, eta irakurketa atseginagoa egiten duten nik neuk egindako ilustrazio asko ditu»
Eneritz Martin. ‘Estela, bidaia’ liburuaren idazlea
«Liburu hau guztiontzat idatzi dut, bai irakurketa maite dutenentzat, bai niri bezala liburu bat irekitzea gehiago kostatzen zaienentzat. Haurrei, gazteei zein helduei zuzenduta dago, eta irakurketa atseginagoa egiten duten nik neuk egindako ilustrazio asko ditu», azaldu du. «Abenturak eta gainditze pertsonala uztartzen dituen eleberri laburra» dela gehitu du.
Eva, Eneritz Martinen ama, hasi zen istorio honi forma ematen. Alaba ospitalean zegoela, bere onera etortzeko borrokan, amak kontsolamendua aurkitu zuen idazketan, hitzak lasaitzeko bide gisa erabiliz. Urte batzuk geroago, alabak amak une latz haietan idatzitakoa irakurri zuen. Irakurketa horrek sakonki inspiratu zuen, eta istorioaren bere bertsio propioa sortzeko oinarri gisa erabiltzea erabaki zuen, Estela, bidaia liburua sortuz.
Azpimarratzekoa da Eneritz eleberri labur hau idazten hasi zenean ez zuela argitaratzeko asmorik. Jatorriz, urtebetetze-opari bat izan zen bere bizitzako pertsona berezi batentzat. Baina pertsona horren eta hurbilen zuen familiaren erreakzioa ikusita, hainbeste emozio pizteko gauza zen zerbait ezin zela ezkutuan geratu konturatu zen. Orduan erabaki zuen pausoa eman eta bere sorkuntza argitaratzea.
Aurkezpenetarako prest
Ez du baztertzen bere eleberri laburra beste herri batzuetan aurkezteko aukera. «Nire herrian, Beasainen, edo Goierriko beste herriren batean egin nahiko nuke», adierazi du. Ez du baztertzen ere, aurrerago bigarren eleberri bat argitaratzea.
Eneritz Martin beasaindarrak bere esperientzia pertsonalean oinarrituta idatzitako istorioa ezagutu nahi duenak, Lilabelly dendan, Instagrameko @estela_elviaje kontuaren bitartez edo estelamddp@hotmail.com epostara idatzita lor dezake liburua.