Herri kirol apustua eta herri krosa Idiazabalgo San Blas jaiak girotzen hasteko
Idiazabalgo Makala eta Legazpiko Lakiola, herri kirol desafioan. 750 korrikalarik emana dute izena 44. Herri kroserako. Musika eta dantza ez dira faltako jaietako lehenengo asteburuan.
San Blas jaietako lehendabiziko asteburua ate joka da Idiazabalen. Axariaren jaitsiera eta jaiei hasiera ofiziala emango dien pregoia urtarrilaren 31n izango diren arren, asteburu honetan jai giroko makina bat ekintza antolatuta dituzte honez gero. Nabarmentzekoen artean, larunbateko herri kirol apustua eta txistularien 32. alardea eta igandean jokatu den 44. Herri krosa eta haurren danborrada, besteren artean.
Kantu Jira taldeak bihar, eguneko zentroan egingo duen emanaldiak irekiko ditu aurtengo San Blas jaiak Idiazabalen. Gainontzean, kirol probak izango dira asteburu honetako ekintza nagusienak larunbatean eta igandean.
Idiazabalgo Makalak taldeak Legazpiko Lakiolaren aurka neurtuko ditu indarrak aurten, larunbatean 17:00etatik aurrera Igarondon jokatuko den herri kirol desafioan. Gari Garmendia Makalak taldeko kideak adierazi du aurten ez dela posible izan Idiazabalgo bi talde elkartzea norgehiagokarako. «Saiatu gara herriko koadrila guztiak zirikatzen, baina inor ez zaigu animatu», dio. Idiazabaldar aurkaririk ezean, Legazpiko Lakiolako sendiari egin diote desafioa, Idiazabalen bizi den Beñat Ibarguren legazpiarrak eta Garmendiarekin entrenatzen duen Aimar Galarraga senideek —legazpiarra hau ere— egin dituzte bitartekari lanak.
Lehiakortasunetik haratago herrian jai giroa sortzea da larunbateko hitzorduaren helburu nagusia. Talde bakoitzetik zortzi kide arituko dira bederatzi probatan: ingudea, harri jasotzea, txingak, zaku eramatea, trontza, giza-proba, lasto altxatzea, aizkora eta oskol biltzen. Urtero ikusmin handia sortzen duen ekimena da; ikuskizuna ziurtatuta egongo da
750 korrikalari krosean
Ohi bezala, sei mailatan banatuta jokatuko da igandean, Idiazabalgo herri krosa, aurten 44. edizioan. 10:45ean abiatuko dira benjamin, kimu eta gazteen lasterketak eta 12:00etan, kadete, heldu eta beteranoen mailakoak. Parte hartzeari dagokionez, orain bi astetik agortuta daude dortsal guztiak. Guztira, 750 korrikalarik eman du parte hartzeko izena. Lasterketa ohikoa izango da eta «sorreratik izan duen izaera herrikoiarekin jarraitzeko» apustuari heldu diote beste behin antolatzaileek, Josu Urrestarazuk azpimarratu duenez. Horren harira, beti bezala «gazta zati bat eta sagardo botila» jasoko dute opari dortsalarekin batera korrikalari guztiek, eta amaieran hamaiketakoa ere bai.
Faboritoak asko dira. Emakumezkoen artean azken hiru urteetako irabazleak: Sara Benedi (2024), Diana Vecillas (2023) eta Maria Ordoñez (2022). Gizonezkoetan, aldiz, Unai Ibarra, Angel Vazquez eta pasa den astean Debako krosa irabazi zuen Ismail Chekjicheken parte hartzea nabarmendu du Urrestarazuk. Korrikalari idiazabaldarrak ere izango dira noski; Janire Agirre, Amaia Insausti, Maialen Urbizu eta Ainhoa Marquinez emakumezkoetan; eta Xabier Sanchez, Odei Zenitagoia, Jon Urteaga, Jon Maiztegi eta Urrestarazu bera.
Musika eta dantza
Musika eta dantza ikuskizunik ere ez faltako asteburuan. Larunbatean Izarretan Dantzan dantza modernoko taldearen ikuskizuna izango da goizean eta txistularien 32. alardea iluntzean. Igande arratsaldean, berriz, haurren danborradak alaituko ditu Idiazabalgo kaleak, 17:00etan hasita.
Ikusi ondoko estekan, jaietako egitaraua osorik. Idiazabalgo_San_Bals_jaiak_2025