«Badaukat gogoa 'Bidean' Lazkaon aurkeztu, eta ingurukoen erreakzioak ikusteko»
Hemezortzi urterekin zine ikasketak egitera joan zen Madrilera Imanol Gonzalez Gurrutxaga (Lazkao, 1997). Gaur egun EITBrentzako dokumentalak egiten ditu, eta bere laugarren proiektu pertsonala kaleratu du: ‘Bidean’ film laburra.
Dagoeneko lau proiektu pertsonal garatu ditu Imanol G. Gurrutxaga zinemagileak, nahiz eta horietako hiru atera dituen argitara. Horietako azkena, Bidean film laburra, ostiralean proiektatuko dute Lazkaoko Areria aretoan, 20:00etan.
Nola hasi zinen zinemaren munduan?
Aurreneko lan esperientzia karreran nengoela izan nuen, Iker Laurobak bere bideoklip bat egitea proposatu zidanean. Ordutik, nire proiektu pertsonalak garatu ditut: 2018an, Aitziber Garmendia eta Jose Ramon Soroizekin batera, Ezusteko talka film laburra grabatu nuen, crowdfunding baten bidez finantzatzea lortuta; 2020an, ostera, Nigandik film laburra egin nuen beste behin beraien laguntzarekin, baina, honetan, beraiengan pentsatutako gidoia idatzita. Urte hartan, gainera, beste lan batzuk ere burutu nituen: filmatzeetako produkzio meritorio bezala hasi, eta zuzendari laguntzaile edo produkzio buru bezala bukatu nuen arte.
Inguruak badu eraginik zure estiloan?
Euskal Herriak beti eduki du eragin handia nire zineman, eta, bada nire ezaugarri nagusietako bat; bai Euskal Herria, eta, zehazki, mendiak eta basoa. Zinemari dagokionez, berriz, esango nuke zine japoniarrak ere baduela eragina, nahiz eta gerora nire lanek ez duten zinema japoniarraren kutsu hori, eta ez diren ezaugarri horietara hurbildu ere egiten, baina pertsonalki, zinema maila horretara iristea gustatuko litzaidake.
Izan al duzu aldaketarik hasiera hartatik?
Ezusteko talka lehendabiziko proiektua grabatu nuenean, 22 urte nituen, eta, orain, Bidean laugarren proiektua aurkeztuta, 28 urte ditut. Ni hazi naiz, ni aldatu naiz, eta nirekin batera nire zinema ere aldatu da. Orain, esaterako, kontzientzia handiagoa jartzen dut idazten dudan horretan. Esperientziak joko handia ematen du hor.
Nola sortzen da Bidean film-laburra?
2020an bigarren lana grabatu nuenean hasi nuen Bidean film laburraren idazketa prozesua. Bartzelonan nengoen. Covid garaia pasatzen ari ginen; ondoren ikusi da jende askok hausnartu duela bizitza berrien inguruan edo espero ez ditugun bideen inguruan. Nik ere baneukan gogoa horri heldu eta galdutako sentsazio hori transmititzeko. Urte hartan, baina, ez nuen indar nahikorik hori ondo garatzeko.
2023an, Euskal Herrira itzuli nintzenean, Tolosako produktora batean lana aurkitu eta 2020an idazten hasitako gidoi hori berreskuratzeko aprobetxatu nuen. Beraz, gidoia berreskuratu eta zertxobait garatu ondoren, Eusko Jaurlaritzara aurkeztu eta diru laguntza eman ziguten. Hori izan zen proiektuarekin aurrera jarraitzeko argi berdea.
«Ni hazi naiz, ni aldatu naiz, eta nirekin batera nire zinema ere aldatu da. Orain, esaterako, kontzientzia handiagoa jartzen dut idazten dudan horretan»
Zinema ere hori da finean…
Bai, gidoi asko kaxoian gordeta dauzkazu maiz eta ez dakizu noiz aterako dituzun argitara, batzuetan, zortea lagun, proiektuak aurrera ateratzeko aukera izaten duzu, baina beste batzuetan agian ez.
Produkzioari dagokionez, zein erronka izan dituzu?
Diru laguntza emango zigutela jakin genuenean hasi ginen aurrekontuak garatzen. Arazorik gabe joan zen dena, eta amaierako emaitzatik ez zen asko urrundu aurreikusitakoa. Hori zen gure beldurrik handiena; garaiko labur bat egitean beti daude aurreikusi ezin diren gastuak, are gehiago basoan grabatzen duzunean.
Produkzio aldetik ere erraza izan zen, lagun onez inguratuta eraman baikenuen proiektua aurrera. Produkzio buru batez eta bi laguntzailez osatu genuen produkzio taldea, baina lokalizazioak pertsona gehiagoren beharra eskatzen zuen, basoan beti daudelako espero ez dituzun zenbait gertakari, saihestezinak direnak. Gure kasuan ez ziren arazo potoloak izan, baina ñabardura txiki batzuk ziren ez zigutenak aurrera egiten uzten.
Eta gidoiak idazterakoan?
Betidanik gustatu izan zaizkit bi pertsonaren arteko loturak, alegia, lotura berezi bat, begirada konplize bat, elkarrizketa goxo bat… egotea bi pertsonaren artean. Hala ere, gidoilari munduaren barruan behintzat, ez nuke nire burua elkarrizketak idazten ona den pertsona bezala kontsideratuko, eta ez naiz hasieran idazten ditudan elkarrizketekin itsutzen, hasieran idatzitako horiek, bukaerarako inoiz ez direlako berdinak izaten. Gehiago gustatzen zait trama idaztea eta gidoiari forma ematea.
«Gehiago gustatzen zait trama idaztea eta gidoiari forma ematea elkarrizketak idaztea baino»
2025erako, ze asmo?
Batetik, asmoa litzateke 2025ean prestatzen ari naizen labur bat grabatzea; eta, bestetik, ja denbora luze bat idazten daramadan film luzearekin serio jartzea, alegia, pelikula horri bide bat ematen saiatzea.
Aholkurik?
Industria honetan bide ezberdinak daude eta bakoitzak berea bilatu behar du. Nire ustez garrantzitsuena litzateke inorekin ez alderatzea, presarik ez edukitzea eta proiektuak progresiboak izango direla ez pentsatzea. Maiz kontrakoa egiten da eta akats handia da hori.
Etzi Lazkaon izango zara…
Badaukat gogoa ingurukoen erreakzioak ikusteko, orain arte egindako lanetatik desberdinena delako. Beldur puntu bat ere badut, orain arte nahiago izan dudalako gauzak guztiz ez azaltzea, jendeak hipotesiak atera eta loturak egin ditzan. Hori, baina, metaforikoa da eta esplikazioak emango ditut seguruenik, publikoa galduta ez sentitzeko eta pertsonaiarekin batera bidaia hori egiten laguntzeko. Gogotsu nago.