Maunaren Loa: sumendiaren indarra duen musika taldea
Fran Bodegok, Antonio Pisanellok, Joseba Idiakezek eta Nagore Beitiak Maunaren Loa taldea sortu dute. Urtarrilaren 11n Zumarragako Huts tabernan jo zuten.
Mauna Loa Ozeano Bareko Hawaii uhartea (AEB) eratzen duten bost sumendietako bat da. Masaren eta bolumenaren aldetik, lehorreko sumendirik handiena da. Urretxun eta Zumarragan bizi diren lau lagunek Maunaren Loa izeneko musika taldea sortu dute, sumendiaren izena eta euskara uztartuta. Baina sumendia ez dago lotan eta taldea ere ez. Urtarrilaren 11n Zumarragako Huts tabernan jo zuten. Giroa Mauna Loaren laba bezain beroa izan zen.
Maunaren Loa musika taldea Fran Bodego gitarristak, Antonio Pisanello gitarristak, Joseba Idiakez bateria-jotzaileak eta Nagore Beitia baxu-jotzaile eta abeslariak osatzen dute. Bodego beasaindarra da eta 20 bat urte daramatza Urretxun. Pisanello italiarra da eta zazpi urte daramatza Urretxun. Idiakez urretxuarra da eta Gabirian bizi da. Beitia, berriz, antzuolarra da. Zumarragan bizi izan zen eta, egun, berriz, Ondarroan bizi da.
Bodegok eta Beitiak musika eskolan ezagutu zuten elkar. «Beste asko bezala, adinean aurrera nindoala hasi nintzen musika eskolan. Bertan, Nagore ezagutu nuen. Hasieran, musika eskolako taldeetan jo genuen eta ondoren Sarraldeko entsegu lokaletara etorri ginen beste musikari batzuekin batera. Halako batean Antonio ezagutu genuen. Oñatin ere entsegatu genuen, beste musikari batekin batera. Hark utzi egin zuen eta Joseba etorri zen», azaldu du Bodegok.
Idiakezek Internet bidez ezagutu zituen. «Solomusicos webgunean Nagoreren mezu bat irakurri nuen: bateria-jotzaile bat behar zutela zion eta berarekin harremanetan jarri nintzen». 2023an hasi ziren elkarrekin jotzen. «Ez genuen oso argi zer egingo genuen. Gure asmoa jotzea zen, besterik gabe. Nagorek abesti batzuk zituen eta hori izan zen gure abiapuntua. Ondoren, bakoitzak bere ekarpena egin du. Dagoeneko 10 kanta ditugu».
«Eskerrak eman nahi dizkiegu Hutsera hurbildu ziren guztiei eta tabernako lantaldeari. Plazer handia izan zen esperientzia hori beraiekin partekatzea»
Joseba Idiakez. Bateria jotzailea
Hiru kontzertu egin dituzte. Azkena Zumarragako Huts tabernan egin zuten. Asko gozatu zuten. «Jende ugari bildu zen. Lehen akordeetatik amaieraraino, energia handitzen joan zen, publikoaren eta taldearen arteko konexioa areagotuz. Ekitaldiaren amaieran kritika bikainak jaso genituen. Eskerrak eman nahi dizkiegu Hutsera hurbildu ziren guztiei eta tabernako lantaldeari. Plazer handia izan zen esperientzia hori beraiekin partekatzea».
Hurrengo kontzertua Gasteizen egingo dute eta deitzen dieten toki guztietan jotzeko prest daude. Horretaz gain, abesti berriak prestatzen ari dira. «Eragin ezberdinak dituen indie musika egiten dugu, ez dugu norabide zehatz bat», azaldu du Pisanellok. «Kanta batzuk antzeko kutsua dute, baina beste batzuk oso ezberdinak: batzuk rockeroagoak dira, beste batzuk melodikoagoak… Suertatzen dena egiten dugu. Nagorek oinarria ekartzen du eta ondoren bakoitzak bere ekarpena egiten dio. Ez dugu goazen hori egitera esaten».
Taldearen izena
Taldeari sumendi baten izena jarri zioten. «Mauna Loa sumendiak hango biztanleen izaera eta bizitza baldintzatzen ditu. Gustatu egin zitzaigun. Taldeari Mauna Loa izena jarri nahi genion, baina beste talde batzuk dagoeneko izen hori dute. Nagorek euskaraz abesten duenez, izena euskalduntzea erabaki genuen», azaldu du Pisanellok. «Taldea abian jarri genuenean, erupzioa lehertu zen Mauna Loa sumendian: taldearen piztea eta sumendiarena batera izan ziren», gehitu du Bodegok.
Bukatzeko, Idiakezek udalei eta tabernei musika taldeei laguntzeko eskatu die. «Musika aberasgarria da eta jendeak kontzertuak asko eskertzen ditu».