Pantailak eta euskara
‘Urak eginen du bide’ dokumentala emango dute Hamaika Telebistan etzi. Pantailen eta euskararen arteko harremanari buruzko lan hori Oier Markotegi legazpiarrak egin du, bi ikaskiderekin batera.
Azken bi hamarkadetako iraultza digitalak gure bizitzetan pantailek duten pisua handitzea eta ikus-entzunezkoen eskaintza biderkatzea ekarri dute. Baina zein hizkuntzatan iristen zaizkigu eduki horiek? Ba al du horrek eraginik euskararen normalizazio prozesuan? Hainbat adituren iritzietatik eta ikus-entzunezko munduko aurpegi ezagunen esperientzietatik, euskarak pantailetan bizi dituen erronkak landu dituzte June Agirrek, Alex Altunak eta Oier Markotegi legazpiarrak Urak eginen du bide dokumentalean. Ostiralean, 21:30ean, Hamaika Telebistan emango dute.
Markotegik Ikus-entzunezko Komunikazioa gradua amaitu zuen iaz. Dokumentala Gradu Amaierako Lana izan dela azaldu du: «Ikus-entzunezkoen inguruan ikasi dugu eta euskarak ikus-entzunezkoetan eta pantailetan bizi duen egoerak kezkatzen gaitu. Hori dela eta, horren inguruko lana egitea erabaki genuen, Pantailak Euskarazekin elkarlanean». Dokumentalean hainbat aditurekin eta euskaraz lan egiten duten profesionalekin hitz egin dute: Olatz Altuna soziolinguista, Kike Amonarriz soziolinguista eta euskaltzalea, Gari Goikoetxea kazetari eta idazlea, Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusia, Maialen Arteaga Gazte Euskaltzaleen Sareko bozeramailea, Libe Mimenza Euskal Hedabideen Behategiko koordinatzailea, Miren Manias EHUko irakasle eta ikerlaria, Urtzi Urkizu kazetari eta idazlea, Alex Aginagalde Pantailak Euskaraz erakundeko bozeramailea, Itziar Ituño aktorea, Antton Telleria umoregilea, Sua Enparantza aktore eta dantzaria, Nerea Arriola aktore eta antzerki irakaslea eta Maddalen Arzallus aurkezle eta bertsolariarekin.
Erronka handia
Hainbat ondorio atera dituzte. «Ikus-entzunezkoek hizkuntza ohituretan eragin handia dute. Bestalde, gazteek kalitate falta nabari dute euskarazko edukietan. Bikoizketa artifiziala iruditzen zaie eta imitaziorako joera dagoela uste dute. Aurrekontua murritzagoa denez, kalitate falta nabari da. Instituzioek euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko apustua egin beharko lukete. Erronka handia da. Kontsumitzaileei ere deia egin behar zaie».