Garai bateko ohiturak berpizteko inauteriak ospatuko dituzte Lazkaon
JTK Lazkaun taldeak, Oin Arin dantza taldeak, San Benito ikastolak, Lazkao Txiki Musika Eskolak eta Zagupe aisialdi taldeak jarri dute abian ekimena. Otsailaren 28an ospatuko dute egun berezia.
Lazkaok urte luzez izan du inauteriak ospatzeko ohitura errotuta herrian, izan ere, 1960. urtera arte mozorroak deituriko pertsonaiak etxerik etxe eta kalez kale dantzan eta eskean ibiltzen ziren. Urteen poderioz, baina, erabat desagertu den ohitura bat izan da honakoa, eta beraz, usadio hori berreskuratzeko ekimena jarri dute martxan JTK Lazkaun taldeak, Oin Arin dantza taldeak, San Benito ikastolak, Lazkao Txiki Musika Eskolak eta Zagupe aisialdi taldeak.
Zentzu horretan, herritarren parte hartzearekin batera, inauteriak ospatuko dituzte 2025eko otsailaren 28an, Lazkaon, eta haur, gazte eta helduak gonbidatu dituzte egun berezi hori ospatzera. Horretarako, bi entsegu egun zehaztu dituzte otsailaren 14 eta 21ean, ostiralak, arratsaldeko 17:30ean, Ikastolako HH-LH eraikinean.
Aurrez izena ematea ezinbestekoa izango da parte hartu ahal izateko, galdetegi hau betez edo oinarinlazkao@gmail.com helbidera idatzita.