«Hau beteta, amets berrien bila jarri beharko naiz orain»
Saudi Arabiatik iritsi berria da Zegamara Joseba Berasategi, Dakar rallyan parte hartu eta gero. Bere «bizitzako ametsa» bete duela dio. Euskal Herriko txapelketan ditu jarrita orain, begiak.
Umea zenetik erakarri du rallyen munduak Joseba Berasategi (Zegama, 1985). Hainbat urtetan kopilotu ibili eta gero talde ezberdinetan laguntzaile dabil orain. Dakar lasterketa «begiz jota» izan du beti eta aurten, «ametsa» betetzea lortu du.
Nondik nora sortu zaizu Dakar rallyan parte hartzeko aukera?
Bizi guztia daramat rallyetan parte hartzen, kopilotu lanetan, antolakuntzan eta talde ezberdinekin ere bai lanean. Ahoz ahokoari esker, ia gehienok ezagutzen dugu elkar. Kasu honetan, taldeko honetako team manager-a Alemanian bizi den kataluniar bat da; nire berri iritsi zitzaion eta telefonoz deitu zidan proposamena egiteko. Hasieran broma bat zela pentsatu nuen.
Lehenengo aldia izan da Dakarren?
Bai, aurretik beste aukera batzuk izan ditudan arren, orain arte ez da posible izan.
Lasterketa honetan justu ez, baina bestela, kopilotu bezala ere aritzen zara.
Bai, anaiarekin urte askotan ibili naiz kopilotu, baita Gabirian bizi den Iñigo Alustizarekin ere. Espainiako txapelketetan ere parte hartu izan dut, kanpoko pilotuekin. Adinean aurrera noan heinean, orain oso gustura nabil, Dakarren bezala, laguntzaile lanetan.
Dakarrera itzulita, zer talderekin aritu zara?
Toyota etxeko Overdrive taldearekin aritu naiz. 21 jatorri ezberdinetako 111 pertsonek osatu dugu taldea — fisio, sukaldari, mekanikari…—. Nire lana asistentziako kamioi bat gidatzea zen hasiera batean, eta gurpilen arduraduna nintzen. Azkenean, karrozeria lanetan laguntzen ere ibil naiz baita errotulaziokoetan ere.
«Horrelako lasterketetan kilometro asko eta lo gutxi egiten da»
Zeintzuk dira Dakar bezalako lasterketa baten berezitasunak?
Munduko lasterketarik ezagunena da; gogorrena eta luzeena ere badela esan daiteke. Lasterketaren ezaugarri esanguratsuena distantziak dira; etapa baten gutxieneko distantzia 600 kilometrokoa da. Asistentzia lanetan gabiltzanok, kotxea helmugara iritsi aurretik han izateko kilometro asko egin behar izaten ditugu eta lo gutxi.
Zenbat egun egin dituzu Saudi Arabian?
Lasterketak 14 egun iraun ditu, baina guk guztira, 23 egun egin ditugu han. Antolaketa lanetarako aurretik iritsi ginen eta behin lasterketa amaituta —Empty Quarter desertuan amaitu da— ibilgailu guztiak Jeddah-ko portura eraman behar izan genituen. Ia 2.000 kilometroko distantzia dago eta bi egunetan egin behar izan dugu bidaia.
Zer nolako esperientzia izan da?
Esperientzia oso ona izan da. Taldearen helburua bat eta bakarra zen, irabaztea. Marokoko Rallya izan ohi da Dakarren aurrekaria eta ez gindoazen prentsa oso onarekin. Gure teknologia zaharkitutzat eta pilotuak esperientzia gutxikotzat zituzten adituek. Zuzendaritzak lan ona egin du taldearekin. Gure lana ondo egitera joan ginen eta emaitza agerikoa da: Toyotak 14 etapatatik 10 irabazi ditu, kotxea guztiz fidagarria da eta taldeak lan bikaina egin du.
Behin Dakarren egonda, ametsa bete duzu?
Aspaldiko urtetan Dakarra nuen begiz jota. Lagun bati berriki esan diodan bezala amets berri baten bila jarri beharko naiz orain, epe motzera ez daukat beste helbururik; baina ez litzaidake Dakarren errepikatzea axolako.
Urtarrilaren 3tik 17ra jokatu da munduko lasterketarik ezagunena Saudi Arabian eta bere bizitzako ametsa bete du Joseba Berasategi zegamarrak Dakar rallyan parte hartuta. Toyota Overdrive Racing taldean laguntzaile lanetan aritu da eta autoen T1+: Prototype Cross Cuntry Cars 4×4 kategorian irabazle suertatu da, Yazzed al Rajji (Saudi Arabia) eta Timo Gochalck (Alemania) pilotuekin bolantean.
Lasterketak 14 egun iraun ditu orotara eta Berasategiren taldeko autoak 52 ordu 52 minutu eta 15 segundo behar izan ditu rallya osatzeko. Ia lau minutuko aldea atera dio bigarren sailkatuari.
Taldeak elkarlanean jarraitzeko asmoa agertu dio Berasategiri eta etorkizunean ere Toyotarekin lankidetzan jarraituko duela aurreratu du zegamarrak.