«Azken lan honek nire obra osoak berrirakurrarazi dizkit»
Tere Irastortzak (Zaldibia, 1961) 40 urte inguru daramatza poesia, narrazioak, saiakera eta artikuluak idazten. Egun Andramendi Ikastolako zuzendaria bada ere, ‘Glosak / Glosar el mundo’ bi liburuki elebidun argitaratu berri ditu.
1980an argitaratu zuen bere aurreneko liburua, 19 urterekin, eta geroztik, ibilbide luzea izan du euskal literaturan. Argitalpen guztiak Pamiela argitaletxearekin kaleratu ditu, azkena izan ezik, Valentziako Contrabando argitaletxeak gidatuta.
Nolakoa izan da Glosak / Glosar el mundo azken lanaren idazketa prozesua?
Denbora bat hartzen dut beti poesia liburuak idatzi eta argitaratzeko. Liburuek, finean, forma bat dute eta poema bakoitzak poema duin izatera iritsi behar du. Hala, liburuak idazterakoan, nire buruarekin gustura geratzen ahalegintzen naiz, bidean egindako bidaiaren metafora bat sortzea gustatzen zaidalako, eta, maiz, izenburua bururatzen zaidanean ohartzen naiz nire sormen prozesua bukatu eta liburu bat osatzeko sortze-prozesu batean sartzea dagokidala. Horrek denbora eskatzen du.
Liburu honen kasua berezia izan da. Izan ere, argitaletxeek eskatutako enkargu konkretua izan da, Lola Andres poeta valentziarrak eskatutakoa. Bazuen nire liburuen berri, eta nire lanaren ikuspegi bat nahi zuela eskatu zidan, alegia, egin nezadala nire poesiaren aukeraketa bat, ondoren bere irakurketa propioa atera zezan.
Zaila izango da aukeraketa egitea...
Kasu honetan, liburu honen hasierarako banuen korpus interesgarri bat egina, Mundua betetzen zenuten eta Txoriak dira bederatzi liburuetako poemak itzulita bainituen, beste poema liburu batzuez gain: Glosak Espainiako Sari Nazionalerako hautatua izan zenez, itzulita neukan eta Haurdunaldi bateko kantoriak ere erdibidean nuen. Hortaz, hasierakoari begirada bat bota eta hortik abiatu nintzen, itzuli gabekoak itzultzen. Lola Andres eta Neus Aguado poetek asko lagundu didate itzulpenen tonuaren gaineko superbisioa egiten.
Prozesu luzea izan zen, beraz.
Bai. Konforme geratu nintzenean bukatu nuen, alegia, izenburua bururatu zitzaidanean. Ordurako, nire liburuetako batek Glosak esana zetorrena zuen izena, eta pentsatu nuen horixe zela buruan nuen poesiaren inguruko metafora bat, hizkuntzari eta literaturari buruzkoa. Orduan erabaki nuen horixe izango zela izenburua; mundua glosatzearena. Finean, guri dagokigu norbere hitz edo ñabardurekin gure munduaren eta bizimoduaren lekukotasun bat piztea. Denera, urte eta erdi igaro nuen eginda zegoen liburu honi forma ematen, glosak hitzari loturiko zentzuen bila.
«Finean, guri dagokigu norbere hitz edo ñabardurekin gure munduaren eta bizimoduaren lekukotasun bat piztea»
Atera al duzu irakaspenik?
Azken lan honek nire obra osoak berrirakurrarazi dizkit. Noski, banaiz 19 urterekin argitaratutako lehendabiziko liburu horretako poeta, badauzkat garai hartako kezkak, ezinegonak…nahiz eta garai hartako poema asko ez itzuli, ibilbide osoa errepasatzea ekarri dit. Polita izan da nire idazketan eta irakurketan izandako garapenaz kontziente izatea, baita nire izaeran sormenak zein leku hartzen duen ohartaraztea ere.
Horrez gain, pozik geratu naiz editoreek eta inguruko senideek liburua asko estimatu dutelako. Finean, nik badut nire hizkuntza, euskara, eta konturatu naiz itzultzerakoan ere gainontzeko hizkuntzek duten zailtasuna, hau da, bestelako zer sormen aukera ematen dituen. Euskarak, esaterako, ikaragarria du hori: hitzen konposaketa.
Zeintzuk dira lanetan lantzen dituzun gaiak?
Amodioa, heriotza, hizkuntza, giza harremanak, topikoen aurkako joerak… dira niretzako gai garrantzitsuenetako batzuk. Are, esango nuke hitzaren eta isiltasunaren balioen aldeko apustua egin dudala nire poesian, idazten dudanean, zerbait esateko idazten baitut. Era berean, isiltasunari dagokionez, iruditzen zait gure gizartean isiltasunetik abarrotsera iritsi garela, egun, hitz bat esateko askatasuna edonork sentitzen duen arren, maiz, topikoak bakarrik erabiltzen dira. Isiluneak, beraz, badu errespetu bat hitzarekiko, eta poesia, balio bat da, pentsatzeko eta idazteko.
Zergatik?
Esango nuke poesia ez dagoela gure gizarteko hari narratiboetan egituratuta. Poesian korapilo bat dago eta hori askatu egin behar duzu. Horretarako, beharrezkoa da sortutako oro zure bizipenetan oinarritua egotea. Denok ditugu bizipenak, baina uste dut, maiz, aldatu egiten direla. Hor badut poema bat, zera dioena: nire baitan bizi dudan guztiak / egunen batean egingo duzue bat elkarrekin, eta ondo islatzen du hori. Banaiz batzearen aldekoa, baina ez bat izatearen aldekoa. Batera izan gaitezke denak, baina denak ezin gara bat izan.
«Esango nuke hitzaren eta isiltasunaren balioen aldeko apustua egin dudala nire poesian, idazten dudanean, zerbait esateko idazten baitut»
Estiloari dagokionez, nabaritu al duzu eboluziorik?
Niretzat idazkia bera, nire estiloa, bada nire hizkuntza. Euskara. Miresmen batetik eta umiltasun batetik idazten saiatzen naiz, alegia, autodidakta izan naiz, asko irakurri dut… Nik, hala, euskarari eutsi dioten memoria eta hitzak erabiltzeko beharra sentitu dut beti, eta horregatik nire estiloan beti dago ahozkotasunarekiko lotura estu bat. Horrez gain, baina, irakurzale handia naiz, eta esango nuke nire poesian badela besteengandik irakurritakoa.
Etorkizunari begira, ba al duzu proiekturik?
Bai, orain liburu bat idazten nabil. Dagoeneko 200 orri dauzkat idatziak. Zuzentzerako, baina, denbora bat pasatuko da, baina asmoa bada urte honetan Txoriak dira bederatzi-ren antzekoa den zerbait argitaratzea. 2015etik dauzkadan poemen bilduma egiten hasia naiz, eta hori ere badaukat esku artean. Badauzkat proiektuak, eta batez ere ilusioa. Ilusio handia egiten dit berriz ere euskarazko idazketa horretan biltzea.