Otsailaren 23an jokatuko da aurten Sahararen aldeko krosa Ormaiztegin
16. edizioa beteko du aurten lasterketak. Berrikuntza moduan, otsailaren 21ean Sahararen aldeko kontzertua antolatu dute frontoian.
Sahara Krosaren 16. edizioak badauka data. Otsailaren 23an jokatuko da aurten, Ormaiztegin. Ohi bezala bi lasterketa izango dira: 10:00etan hasita haur eta gaztetxoena eta 11:00etan, helduena. Helduen mailan luzera ezberdineko bi lasterketa egiteko aukera egongo da, 5 kilometrokoa bata eta 10 kilometrokoa bestea.
Dagoeneko irekita dago helduen probetan aldez aurretik izena emateko aukera kirolprobak.com web gunean. Izena emateak 20 euroko kostua du eta parte hartzaileek dortsala eta kamiseta jasoko dituzte opari. Beti bezala, jasotako diruaren zati bat Saharako elkartasun proiektuetarako bideratuko da. Azken urteetan bezala, lasterketa amaitzen duten 20 urtetik gorakoen artean, Goierriko Bi Handiak probarako dortsal bat zozkatuko da. Lasterketaren egunean ere egongo da izena emateko aukera, 8:45etik 10:20ra bitartean, plazan.
Haur eta gaztetxoen lasterketetan parte hartzeko izena egunean bertan eman beharko 8:45etik 9:45era plazan. Parte hartzaileei eskola materiala eta bestelakoak— mahai jolasak, baloiak, erraketak…— eramateko eskatu dute antolakuntzatik, gero Saharako haurrei bidaltzeko. Amaieran, dominak banatuko dira parte hartzaile guztien artean.
Kontzertua, aurretik
Aurten berrikuntza moduan, Sahararen aldeko kontzertua antolatu dute otsailaren 21ean. Mugan, Bele, Oilar Beltzak, Ines Osinaga, Postal kolekzionistak eta Xabi Alonso arituko dira Ormaiztegiko frontoiko taula gainean, 22:00etatik aurrera.
Kontzerturako sarrerak 15 eurotan daude salgai Ormaiztegiko Murua eta Zipotz tabernetan, Beasaingo Arranon, Ordiziako Herrikon, Segurako Elorripen eta Lazkaoko Albokan.