TAO arreta bulegoa ireki dute Beasainen araudi berria indarrean sartu aurretik
Apirilaren 1ean indarrean sartuko trafikoaren eta aparkalekuen araudi berria Beasainen. TAO arreta bulegoan zalantzak argitu eta egoiliarren-baimenak eskatu ahal izango dira. Merkatariek eta landa eremuetako bizilagunek ere eskatu ahal izango dituzte aparkatzeko baimenak. Egun egoiliar-baimena dutenek ere egin beharko dute eskaera.
Datorren apirilaren 1etik aurrera indarrean sartuko da trafiko eta aparkalekuen ordenantza berria Beasainen. Egoiliar baimenak eskatu edota edozein zalantza argitzeko, TAO bulegoa ireki dute udaletxean, udaltzaingoaren ondoan. Arreta zerbitzu hau erabiltzeko, hitzordua eskatu behar da. Udalaren egoitza elektronikoaren bidez ere kudeatu daiteke.
Araudi berriak hainbat berrikuntza ekarriko ditu bai bertakoentzat, bai inguruko herrietatik inguratzen direnentzat. Nagusienak ondorengoak dira: aparkatzeko S2 sektore berriaren sorkuntza, Barrendain plazatik Dolarearainoko eremua hartuko duena; egoiliar baimena dutenentzat aparkaleku esklusiboak sortuko dira erdigunean; landa auzoetako bizilagunek eta merkatari txikiek aparkatzeko baimenak eskatu ahal izango dituzte; eta sektore guztietan lehen 20 minutuak doan izango izango dira tiketarekin, egoiliarrentzako bakarrik diren aparkalekuetan izan ezik.
TAO berriarekin, herritarren artean «mugikortasun aktiboa sustatu» nahi du Beasaingo Udalak. Izan ere, egoiliar-baimenak, ez du gainontzeko eremuetan aparkatzeko baimenik ematen, horrela, «oinezko eta bizikleta bidezko desplazamenduak sustatu» nahi dituzte.
Era berean, Bernedoeneako, Gipuzkoa plazako eta Gernika pasealekuko aparkalekuen erabilera ohitura indartu nahi du, herriguneko trafikoa arintzeko helburuarekin.
S2 sektore berria
Ezkiaga (ZE) eta erdiguneko (S1) TAO sektoreei, hirugarren sektore bat batuko zaie, S2 sektorea deiturikoa, Barrendain plaza eta Garmendia-Otaola ardatzetik Dolarea parkera arteko eremua hartuko duena. Dolarea kalea 12-13 eta Foru kalea 74 izango ditu muga.
Udaletik azaldu dutenez, «presio handiko eremua» da. Garraio publikoa hartzera eta Beasainera lanera datozenak askok bertan aparkatzen dutelako, eta gainera, garaje pribatuen gabezia dagoelako. Udalaren arabera, hiru arrazoi nagusi horiengatik, aparkatzeko presioa egoera bereziki nabaria da Oriamendi 31-47, Nabarro Larreategi, Mendeurren eta Martin Aranburu kaleetan.
Egoiliarrentzako baimenak
Araudi berriarekin, erdiguneko S1 eta S2 sektoreetan, baimendutako egoiliarrentzat aparkaleku esklusiboak sortuko dira, Bertakoak bereizgarria izango dutenak. Kontutan izan behar da, norbere sektorean aparkatu beharko dela. Hau da, S1 sektorean aparkatzeko baimena duenak ezingo du S2 sektorean aparkatu, eta alderantziz. 425 plaza izango dira baimena dutenentzat, non denbora mugagabean aparkatu ahal izango duten. Horietatik 120 plaza, Gipuzkoa plazan kokatuko dira, eta beste hainbat, Esteban Lasa, San Inazio, Oriamendi 32-47, Nekolalde, Mendeurren eta Nabarro Larreategi kaleetan. Horrez gain, egoiliar baimenduek, beraien sektoreko gune urdin osoan ere aparkatu ahal izango dute, baldintza berdinetan.
Merkatariak
Merkatarien kasuan, S1 eta S2 sektoreetan kokatuta dauden merkatari txikiek, Beasainen erregistratuta ez dagoen ibilgailu batentzako baimena eskuratu ahal izango dute, eta dagokien sektoreko gune urdinean aparkatu ahal izango dute, denbora mugarik gabe.
Edozein kasutan, informazioa edota arreta bulegoan hitzordua eskatzeko deitu 661 202 832 telefono zenbakira, idatzi tao-ota@beasain.eus epostara, edo sartu www.beasain.eus/tao webgunean.
APARKATZEKO GUNEAK:
- Gune marroia (egonaldi motza): Lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez ordu eta erdi aparkatu ahalko da (1,5€). Egoiliar-baimenarekin ezingo da aparkatu. Gernika pasealekuko frontoi atzea, Barrendain plaza eta Anbulategia.
- Gune urdina (egonaldi ertaina): Lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez 4 ordu aparkatu ahalko da (4€). Goiz edo arratsaldeko ordutegi blokeak osatzeko aukera. Egoiliar-baimenarekin aparkatu ahal izango da, beti ere sektore berekoa bada. Erdigunean, S1 eta S2 sektoreetan kokatzen da.
- Gune berdea (egonaldi luzea): Lehen 20 minutuak doan izango dira eta gehienez 7,5 ordu aparkatu ahalko da (3€), egun osoa. Egoiliar-baimenarekin ezingo da aparkatu landa-auzoetako herritarrak izan ezik. Gipuzkoa plaza, Trenbide kalea eta Gernikako pasealekua.
- Gune gorria (Ezkiaga): Ezkiaga sektorean (ZE). Orain arte bezala. Ezkiaga auzoan bakarrik aparkatu ahal izango dute baimendutako egoiliarren ibilgailuak ordutegi honetan: astelehenetik ostiralera 23:00etatik 08:30era.
- B-R egoiliar-baimendun plaza esklusiboak (berria): Bere sektorean baimenduta dauden egoiliarrek bakarrik aparkatu ahal izango dute (S1 edo S2). Urte osoan, 24 orduz. S1 sektorean baimendutako egoiliarrek ezin izango dute S2ko egoiliarren plazetan aparkatu, eta alderantziz.