Binakako bola txapelketako finalak Seguran jokatuko dira igandean
Goizean hasiko dira tiraldiak 10:00etatik aurrera; goierritarrak ere izango dira tartean.
Gipuzkoako urteko lehenbiziko bola lehiaketa ofiziala igandean amaituko da. Segurako Txoritegi bolatokian jokatuko dira Binakako Txapelketako finalak. Ligaxkako hiru jardunaldiak jokatu ondoren, gizonezkoen hamar bikotek eta emakumezkoen lauk lortu dute txartela. Goierriko lau bikote ariko dira, tartean: Iñaki Maiz eta Felix Maiz gabiriarrak, Juan Mari Iñurritegi eta Juan Pedro Agirre legazpiarrak, Ekaitz Izagirre eta Imanol Agirre segurarrak, eta Aitziber Makazaga eta Garbiñe Alustiza zeraindarrak.
Igandean, gizonezkoen botatze-txanden zozketa 09:30ean egingo dute, eta 10:00etan hasiko da tiraldia. Lau onenak igaroko dira azken finalera (12:30). Emakumeen zozketa 11:45ean da, eta 12:00etan tiraldia. Bi talde onenek jokatuko dute buruz burukoa (12:50).
Larunbatean, bestetik, Idiazabalen San Blas jaietako bola lehiaketa jokatuko da. Izen-ematea 10:00-11:30 artean da. Sari orokorrak lehen zazpientzat (60 euro eta saskia irabazleak), gazteentzako hiru eta herriko lehenarentzako jarri dituzte.