Donostian aurkeztuko dute Euskal Herriko torturatuen sarea otsailaren 15ean
"Ahalik eta torturatu gehienengana iristeko" parte hartzeko gonbita luzatu dute. Goierrin 387 tortura kasu ditu zenbatuak Euskal Memoria Fundazioak.
Euskal Herriko torturatuen sarea sortu dute hainbat urteko lanaren ondoren, indar polizialengandik tortura pairatu duten herritarrak saretzeko helburuarekin. Otsailak 15ean egingo dute batzar eratzailea Donostiako Kursaalean, goizeko 9:30ean hasita.
Azken hilabeteetan Euskal Herriko Torturatuen Sarearen sortze prozesuaren baitan, aurkezpen batzarrak egin dituzte eskualde ezberdinetan. Goierri mailako lanketa, Beasainen egin dute. Bertan, Nafarroako Torturatuen Sareko esperientzia oinarri, talde-sustatzaileko lagunek esku artean duten erronka aurkeztu, eta berari eusteko deia egin zieten bertaraturiko pertsona torturatu guztiei.
Euskal Herri mailako batzarretan 700 lagun torturatutik gora hartu dute parte, Euskal Herri mailako prozesuan ekarpenak egin eta sarearen helburuak zehazteko. Otsailaren 15ean aurkeztuko dituzte helburuok, baina “ahalik eta torturatu gehienengana” iristeko asmoa erakutsi dute, eta gonbidapena luzatu: “Euskal Herrian torturak jasandako inor prozesu honetatik kanpo gera ez dadin”.
Kasuak Goierrin
Euskal Memoria Fundazioak, tortura kasuen zenbaketa egin du. Goierrin 387 tortura kasu zenbatu dituzte, 1960tik.
- Altzaga: –
- Arama: 5
- Ataun: 48
- Beasain: 32
- Ezkio eta Itsaso: 4
- Gabiria: 4
- Gaintza: 2
- Idiazabal: 14
- Itsasondo: 13
- Lazkao: 46
- Legazpi: 18
- Legorreta: 19
- Mutiloa: –
- Olaberria: –
- Ordizia: 87
- Ormaiztegi: 2
- Segura: 9
- Urretxu: 17
- Zaldibia: 22
- Zegama: 16
- Zerain: –
- Zumarraga: 29