Euskal Herriko XVI. Mus Txapelketa iritsi da Goierrira
Arriarangoaren ondoren, datozen egunetan Olaberrian, Idiazabalen, Zaldibian, Beasainen eta Legazpin jokatuko dira kanporaketak. Gipuzkoako finala Itsasondon da.
2024. urte bukaeran hasi eta 2025ko apirilaren 5ean Araban, Zigoitiko Gopegi herrian, amaituko den Euskal Herriko XVI. Mus Txapelketa dagoeneko abiatu da. Herriz herri jokatuko da lehen fasea 2025eko martxoaren 2ra arte, eta herrialdekako finalak martxoaren 22an jokatuko dira zazpi herrialdeetan. Gipuzkoakoa Itsasondoko Errota pilotalekuan jokatuko da martxoaren 22an. Aurtengoan ere Goierriko eskualdea izango da zenbait kanporaketaren lekuko.
Pasa den larunbatean jokatu zen Goierriko aurreneko kanporaketa. Beasaingo Arriarango Intxaurpe elkartean jokatu zen, eta Jon Esnaola Lizarralde eta Joanes Murua Iraola beasaindarrak izan ziren irabazleak. Bigarren, berriz, Lander Iparragirre Gaztañaga eta Kepa Jauregi Gaztañaga legorretarrak geratu ziren. Datozen egunetan ere jokatuko dira kanporaketak, Olaberrian, Zaldibian, Idiazabalen, Beasainen eta Legazpin.
Edonork parte hartu dezake txapelketan, eta izen emateak, egunean bertan egingo dira, bikoteko 20 euro ordainduta. Azken urteotan gazte eta emakumeen parte hartzea indartzen ari dela diote antolatzaileek, eta joera hori indartu dadin lanean jarraituko dute.
Bidaia Karibera
Sari garrantzitsuenen artean legoke lehen bi sailkatuentzako Karibera bidaia. Izan ere, txapeldunek 3.000 euro, txapela, garaikurra eta lau lagunentzako bidaia eskuratzen duten bitartean, txapeldunordeek 1.500 euro, garaikurra eta bi lagunentzako bidaia lortzen dute. Denera, 50.000 euro baino gehiago banatzen dituzte sarietan, eta parte hartzaile bakoitzak oroigarria jasotzen du.
- Olaberria. Urtarrilak 31, 22:00, Arkupe elkartean.
- Zaldibia. Otsailak 7, 22:00, Zubi Buru elkartean.
- Idiazabal. Otsailak 8, 15:30, Igarondo frontoiko tabernan.
- Beasain. Otsailak 15, 16:30, Arrano tabernan.
- Legazpi. Otsailak 16, 16:30, Karibe Zaharra tabernan.