Juanjo Moralek eleberria aurkeztuko du Gabirian
Altzairuzko Oihala zeharkatu zuen Bakearen Lasterketa txirrindularitza proba du oinarri, haren aitaren garaipenak eta bizipenak inspirazio iturri hartuta. Egun bizitoki duen herrian egingo du aurkezpena bihar zumarragarrak, 18:45ean.
Juanjo Moral Cibrian zumarragarrak txirrindularitza eta Gerra Hotza uztartzen dituen eleberria idatzi zuen iaz. Vencer en tierra de espias da liburuaren izenburua eta bihar, osteguna, arratsaldeko 18:45ean, Gabiriako kultur etxean aurkeztuko du. Aurretik ere egin ditu zenbait aukezpen saio Goierrin, hain zuzen ere, haren jaioterrian eta inguruetan. Zumarraga-Urretxun eta Legazpin, alegia.
Espioiak, traidoreak, inteligentzia agentziak, infiltratutako agenteak, Berlingo harresia… eta txirrindularitza dira Gerra Hotzaren garaian kokatutako lan honen mamia. Trama 1975ean garatzen da, eta Altzairuzko Oihala zeharkatu zuen Bakearen Lasterketa txirrindularitza proba du oinarri.
Moralen aitak lasterketa hartan parte hartu eta etapa bat irabazi zuenez, han bizitakoak bildu zituen. Aitaren garaipenak eta bizipenak izan dira idazle berri honen inspirazio iturri. Moral ingeniaria da eta Irizar enpresan lan egiten duen arren, bere aitaren esperientzian oinarritutako liburua idaztea erabaki zuen.
Protagonista Max Werner Alemaniako Errepublika Demokratikoko armadako pilotua da. Stasiko goi mailako funtzionario baten semea da, baina informazio sekretuarekin harrapatuko dute eta ihes egin beharko du. Espainiako txirrindularitza selekzioak Bakearen Lasterketan parte hartuko du lehenengoz eta Britainia Handiko zerbitzu sekretuek Ramon Ibarburu hautatzailea errekrutatuko dute, Werner itzultzaile bezala hartzeko eta mendebaldeko Berlinera ihes egiten laguntzeko. Mendebaldeko Berlinera joateko jarriko duten aitzakia Campagnolo markako osagaiak erosi beharra da, baina ez zaie erraza izango.
Euskal Herria lekuko
Istorioa Ekialdeko Alemanian, Txekoslovakian eta Polonian gertatzen da batez ere, baina baita Sobietar Batasunean, Espainian, Frantzian, Kuban eta Euskal Herrian ere. Pertsonaia batzuk euskaldunak dira (tartean Moralen aita) eta Bilbo, Donostia, Legazpi, Lazkao, Donibane Lohizune… agertzen dira nobelan.
1936ko Espainiako Gerrak eta Bigarren Mundu Gerrak ere tokia dute, alegia, historiak, politikak, garapen pertsonalak, toki batean edo bestean jaiotzearen garrantziak, senitartekoen arteko harremanek, hezkuntzak zein enpatiak tokia dute nobelan.
Gozatutako ibilbidea
Idazketa prozesua gozatu duen arren, hasiera batean behintzat, ez zuen liburua argitaratzeko asmorik Moralek. Bukatutakoan, baina, bospasei lagunek irakurri zuten, eta denek argitaratzeko bultzadatxoa eman ziotenez, autoeditatu gabe, argitaletxeetara bidali zuen. Kantabriako Estrella del Nortek liburuaren aldeko apustua egin zuen eta zazpi edo zortzi hilabete eman zituzten nobela zuzentzen, azala prestatzen… Ez dio liburu gehiago idazteari uko egiten.