Zegama-Aizkorri da ‘trail running’-eko ibilbiderik ezagunena, Wikilocen arabera
Hala ondorioztatu dute aplikazioko arduradunek erabiltzaileen urteko datuak aztertu eta gero. Urte guztian zehar interesa pizten duen ibilbidea da.
Wikiloc, GPS bidezko ibilbideen aplikazioaren arabera, Zegama-Aizkorri izan da 2024an, Espainiako trail running ibilbideen artean gehien egin dena sare sozial honetako erabiltzaileen arabera. Wikilockek lehen aldiz aurkeztu du aurten urteko datuetan oinarritutako txosten hau. Erabiltzaileen artean trail running edo mountain bike ibilbide gustukoenak zein diren bildu du txostenean, baita 2024an egin diren hiru ibilbide jendetsuenak zeintzuk izan diren ere. Sare sozial honetan elkarbanatu diren ibilbide eta kilometroen laburpena argitaratu dituzte eta erabiltzaileek argazkiak ateratzeko aukeratu dituzten Espainiako bost leku errepikatuenak ere nabarmendu dituzte azterketan. Tartean da, Bizkaia eta Arabako mugan dagoen Gorbeiako gaina.
Argitaratutako datuen arabera, «sei milioi ibilbide berri» elkarbanatu dituzte 2024an Espainian. Hala, «33 milioi ibilbide» daude erabiltzaileen eskura gaur egun, Wilikocen, guztiak «komunitateko kideek beraiek partekatuta».
Zegama interes gune
Zegama-Aizkorriri dagokionez, lasterketa egunetik haratago, «maratoi zaleen artean urte guztian zehar interesa pizten duen ibilbidea» dela dio Wikilocek. Mountain bike zaletuen artean Madrilgo Collados Altos izan da gustukoena eta errepideko bizikletari dagokionean, Pinos-Roubaix Katalunian. Gainontzean, gehien errepikatu diren ibilbideak Ordesako belazea —Cola de Caballo bezala ezaguna— , Ardonesko ur-jauziak, biak Aragoin; eta Caresgo ibilbidea Castilla Leonen, izan dira.
Txostenak aletu dituen datuekin amaitzeko, Gorbeiarekin batera, Matgalls Katalunian, Santiagoko katedrala Galizian, Montserrateko monasterioa Katalunian eta Cola de Caballo ur-jauzia Aragoin izan dira argazki kameretan 2024an jaso diren leku esanguratsuenak.