Zentral eolikoen auzian aldundiaren isiltasuna salatu du Naturkonek
Naturkon Gipuzkoako natur eta ekologista elkarteen taldeak –tartean dago Landarlan elkartea– Gipuzkoako Foru Aldundiak zentral eolikoen aurrean ezer esan ez izana salatu du.
Urtarrilaren 3an Espainiako Gobernuak Statkraft multinazionalak Aramaio eta Eskoriatza artean egin asmo zuen 11 aerosorgailuz osatutako zentral eolikoa atzera bota zuen. Hainbat erakundek eta Arabako zein Bizkaiko Aldundiek aerosorgailuek babestutako hegaztiengan eragin kaltegarria izan zezaketela agertu zuten helegiteen bidez. «Gipuzkoako Aldundiak ez du parte hartu izapidetze-prozesuan, hainbat aerosorgailu Gipuzkoako lurretan jartzeaz gain, Aizkorri-Aratz parke naturala eta inguruko basabizitza kaltetzea aurreikusi denean», salatu du Naturkonek.