Loinazko San Martin ospatuko dute beasaindarrek asteazkenean
Herriaren "izaera eta izena" indartzeko ospakizuna izango da. Odolkiaren Kofradiak bi kofradiakide izendatuko ditu. Bezperan hasiko da egitaraua, eta Urrezko Aizkolarien lehen finalaurrekoa otsailaren 9an jokatuta bukatuko da egitaraua.
Beasaindarren egun berezitzat har daitekeen Loinazko San Martin festa asteazkenean ospatuko da, otsailaren 5ean. Astearen erdian egokituagatik, ohiko ospakizunak eta egitaraua antolatu dituzte. Beasaingo udaletxean, gaur eguerdian aurkeztu dute. “Egunari garrantzi berezia eman nahi diogu udaletik, gure nortasunarekin eta kulturarekin lotutakoa baita, gure historia erakutsi eta beasaindarrak batzeko. Beasaindarren izaera eta izena indartuko du”, azaldu du Leire Artola alkateak.
Herriaren egunaren bezperan, otsailaren 4an, Santa Ageda bezperak girotuko du Loinazko San Martin ere. Asteartean, 19:00etan, kantu-jirako taldea kopla kantari aterako da kaler.
Asteazkenean, Beasaingo Odolkiaren Kofradiak eta Urbiberri gizarte zentroak antolatu dituzte egitarauak. Elkarlan horren garrantzia eta berebizikotasuna aldarrikatu ditu alkateak, eta balioak jarri, bestela “ezinezkoa” litzatekeelako ezer aurrera ateratzea. Ohi bezala, Beasaingo kofradiak beste hainbat gonbidatuko ditu. Guztira, 24 kofradiak eta 101 kidek baieztatu dute presentzia. Euskal Herriko 12 izango dira (horietatik bi Ipar Euskal Herrikoak), Kantabriakoak zazpi, Galiziakoak bi, eta Asturias, Errioxa eta Toledokoak bana.
Egitaraua:
Otsailak 4, asteartea
- 19:00. Kantu jirako taldea Santa Ageda bezperako koplak kantatzen, kalean.
Otsailak 5, asteazkena . Loinazko San Martin eguna
- 09:15. Kofradiei harrera eta ongietorria, Igartzako jauregian.
- 10:20. Kofradien desfilea, Goizeresi txistulari taldeak lagunduta. Igartzatik irten, Loinazko San Martinen estatuara iritsi, eta lore eskaintza egingo diote. Ondoren, ohorezko aurreskua dantzatu, eta desfileak udaletxerantz jarraituko du. Plazan, udalbatzako kideak sartuko dira, elizaraino joateko.
- 11:00. Meza Nagusia.
- 11:00. Odolki pintxoak erosteko postua jarriko dute, Zubimusu plazan.
- 11:45. Desfilean jaitsiko dira plazara.
- 12:00. Beasaingo Odolkiaren Kofradiaren 38. Kapituluaren ospakizuna. Ohorezko bi kofradiakide izendatuko dituzte: Goitur Goierri beheko turismo garapen agentzia, 25. urteurrenean; eta Basque Culinary Centerreko Mantala egitasmoaren Mamia proiektukoak, emakumeek euskal gastronomiari egindako ekarpena aitortzeko. Ondoren, kofradiei hamaiketakoa.
- 14:30. Adiskidetasun bazkaria, Loinazko San Martin plazaren azpian.
- 17:00. Murumendi Pilota Eskolako haurren partidak, Gernikako Arbola pasealekuko frontoian.
- 18:00. Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldearekin kantaldia.
- 18:30. Zirkoteke zirku ikuskizuna, Erauskin plazan.
Urbiberri gizarte zentroaren egitaraua:
Otsailak 5, asteazkena
- 13:30. Bazkideentzat lunch-a.
- 17:00. Omenaldiak Inaxi Mendizabal Arrieta eta Jose Antonio Bravo Begue bazkideei. Aurtzaka dantza taldearen emanaldia.
- 17:30. Gizarte zentroko Gurea koruaren kantaldia.
- 18:00. Gizarteko zentroko Argia dantza taldearen emanaldia.
- 21:00ak arte, dantzaldia.
Otsailak 9, igandea
- 12:00. Urrezko Aizkolariak binakako txapelketako lehen finalaurrekoa. Dolarea parkean (euria baldin bada, Antzizar kiroldegiko pilotalekuan).
Aizkoran. Iker Vicente-Eneko Saralegi / Mikel Larrañaga-Txomin Amundarain.
Banakako aizkolari txapelketa emakumezkoetan: Laiene Pikabea / Nerea Sorondo.
Banakako harrijasotze txapelketa: Leire Olea eta Ane Atxutegi emakumeetan; Xabier Aranburu Guzta gizonezkoetan.
Urrezko Aizkolarien saioa
Loinazko San Martinen astea bukatzeko, otsailaren 9an Urrezko Aizkolariak txapelketako aizkora eta harrijasotze lehiaketak jokatuko dira. Luis Mari Bengoa antolatzailea izan da prentsaurrekoan, eta hiru hamarkada hauetan egindako bidea gogoratu du. “Gure gauzak guk zaindu eta indartu behar ditugu, ez da inor kanpotik etorriko eta. Udalaren laguntza ezinbestekoa da. Hainbat urte dira Beasainera etortzen garrula, zuen laguntzari esker”, eskertu du Bengoak.
Urte osoko herri kirol programazioa antolatzea eta egonkortzea lortu dutla gaineratu du Bengoak. “Duela 28 urte ez zegoen programaziorik negu aldean. Helburua urtekoa osatzea zen: Errege egunean hasi, Binakako Txapelketa, gero Banakakoa, Liga eta neguan Koparekin amaitu. Txapelketa, txapelketa da, erakustaldi soilak ematen ez duen zerbait gehiago dauka”.
Urrezko Aizkolarien binakako txapelketan, une erabakigarria Beasainen hasiko da, aurreneko finalaurrekoa jokatuko baita. Iker Vicente txapelduna etorriko da, kartelburu, Saralegitarren beste adaxka batekin, Eneko Saralegirekin. Aurkari, Mikel Larrañaga Gipuzkoako txapeldunordea eta Txomin Amundarain arribear gaztea izango dituzte.
Nesketan, banaka buruz buru lehiatuko dira Laiene Pikabea hernaniarra eta Nerea Sorondo beratarra, Euskal Herriko bigarrena. Urrezko Aizkolarietan hamabi neska parte hartzen ari direla nabarmendu du Bengoak. “Emakumeak ere indartzen ari dira, eta tamaina oso onera irizzi dira”. Harrijasotzaileek osatuko dute ikuskizuna. Bi neska, alde batetik, Olea eta Atxutegi, Gernikako Sustraitz elkarteko lanaren fruituak –txapelketan 16 neska ari dira–. Xabier Aranburu Guzta idiazabaldarra bestetik, harri handiekin.
Bengoak, Urrezko Aizkolarien antolatzaile, arima eta saioetako esatari ospetsuak 80 urte irailean beteko ditu, eta gaur Beasaingo agerraldia hasi aurretik komentatu du aurten utziko diola zeregin horri. “80 urte dira eta. Gogorra da asteburuero alde batetik bestera ibiltzea. Urte guztiko egutegia egin nahi genuen herri kiroletan ere, besteetan bezala; lortu duru, bana horrek bere kostua badauka”.
Otxandioko musika bandan tronpeta jotzen jarraituko duela ziurtatu du –hangoa da bera–. “Ihes-balbula dut hori”. Tronpeta autoko maletategian duela esan du.