Olaran fabrika aztertzen ari dira arkitektura garaikideko masterreko ikasleak
Eraikina eraberritzeko egingo den proiektua garatzeko balioko du ikasleen lanak. Bigarren parte hartze prozesu bat jarriko dute martxan eraikinean kokatzen den espazio publikoaren edukia zein izango den erabakitzeko, eta aldi berean, arkitektura lehiaketa ere abiatuko dute oinarrizko proiektua eta exekuzio proiektua zein arkitektura estudiok egingo duen erabakitzeko.
Euskal Herriko arkitektura eskolak eskaintzen duen Architectural and Urban Contemporary Heritage masterreko 28 ikasle Beasaingo Olaran fabrikan izan dira, eraikinaren egituraren analisi bat egiteko. Turingo (Italia) eta Kaunasgo (Lituania) arkitektura eskolekin batera eskaintzen duten titulazioa hau. Olaran fabrikaren eraikinak duen balioarengatik aukeratu dute aztergai. Horrela, Udalari eskaera egin eta honek onartu eta gero, bi saio burutu dituzte eremuaren ikerketa egiteko.
Adur Ugartemendia Beasaingo udaleko zinegotziak gaurko bisita azaldu duenez, nazioarte mailako master titulazioko ikasleen lanak, “eraikina eraberritzeko egingo den proiektua garatzeko” balioko du. Prozesu horretan, eraikinak duen kalte maila aztertuko dute ikasleek.
Arkitektura lehiaketa
Bestalde, Olaran eraikina birmoldatzeko oinarrizko proiektua eta exekuzio proiektua zein arkitektura estudiok egingo duen erabakitzeko, lehiaketa bat jarriko du martxan udalak, bi fase izango dituena: lehenik, aurkezten diren arkitektura estudioen gaitasun teknikoa eta esperientzia baloratuko da; eta bigarrenik, balorazioa gainditzen duten estudioek aurreproiektu proposamen bana aurkeztuko dute. Proposamenak jasota, epaimahai batek aztertuko ditu, esleipena egiteko. Aurreratu dute, martxoan jarriko dutela martxan.
Bigarren parte hartze prozesua
Lehiaketa egiten den bitartean, bigarren parte hartze prozesu bat jarriko du udalak martxan, Olaran eraikinean kokatzen den espazio publikoaren edukia zein izango den erabakitzeko.