Aralarren aldi baterako desjabetzeak egiteko aukera azaldu du Espainiako Gobernuak
Jose Antonio Santano Estatuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko idazkariak esan du katak egiteko zailtasunak dituztela Aralarren, eta horregatik "erreminta juridikoak" erabiliko dituztela.
Jose Antonio Santano Espainiako Estatuko Garraio eta Mugikortasun Jasangarriko idazkariak Aralarren aldi baterako desjabetzeak egiteko aukera azaldu du, atzo Radio Euskadin. Oraindik erabaki gabe daukate Abiadura Handiko Trenaren lotura Nafarroarekin Ezkio-Itsasotik ala Gasteiztik egingo duten, baina Aralarren katak egiten hasiko dira, eta horretarako “erreminta judizialak” baliatuko dituzte.
Aralarko zatiko katak “zatirik konplikatuena” direla esan du, eta lursail publiko zein pribatuetan zailtasunak dituztela: “Katak hasi behar ditugu. Ez dut ezkutatuko arazo asko izaten ari garela lursailetan sartzeko, publiko zein pribatu. Seguru asko administrazioak dituen formula juridikoak erabili beharko ditugu, aldi baterako desjabetzeena, katak egitea eragotzi digutelako. Baina egingo ditugu”, agertu du.
Kata horiek “konplexuak” direla gehitu du: “Sakonera handian egin behar dira, 200 metro baino gehiagora. Ez da erraza izango, ezta epe laburreko kontua ere”.
Era berean, lotura nondik izango denaren erabakia “pixka bat desdramatizatzera” deitu ditu herritarrak.
Aldundia, Ezkio-Itsasokoaren alde
Eider Mendoza diputatu nagusiak eta Jose Ignacio Asensio diputatu nagusiordeak bilera egin zuten Santanorekin atzo, foru gobernuak eskatuta, AHTaren loturaren inguruan Espainiako Gobernua egiten ari den lan teknikoen bilakaera ezagutzeko. Aldundiak helarazitako ohar batean azaldu duenez, Mendozak Santanori adierazi dio “azpiegituraren funtzionaltasuna eta lehikortasun bermatzeko berebiziko garrantzia” duela lotura Ezkio-Itsasotik egiteak. Altsasu eta Ezkio-Itsaso arteko laginak lehenbailehen abiatzeko ere eskatu dio.
Ildo horretatik, diputatu nagusiak “oso positibotzat” jo du Espainiako Gobernuak Aralar mendilerroko trazaduran katak egiten hasteko azaldu duen jarrera, eta idazkariari eskatu dio azterlan teknikoak “ahalik eta arreta eta bizkortasun handienarekin” osatzeko, “azpiegitura funtsezkoa baita Gipuzkoako lurralderako, bai iraunkortasunaren ikuspegitik, bai lehiakortasun ekonomikoaren aldetik”.
“Epe luzerako ikuspegia” behar dela gehitu du, “datozen 150 urteetarako azpiegitura” dela iritzita.