'Arizona' antzezlanaren bigarren emanaldia Zaldibian
Lehen saiorako sarrerak ordu laurden batean saldu ondoren, bigarren bat antolatu dute. Bihar jarriko dituzte salgai sarrerak.
Aitziber Garmendia zaldibiarra eta Jon Plazaola urretxuarra antzezle dituen Arizona antzerki obraren bigarren emanaldi bat antolatu dute Zaldibian.
Atzo arratsaldean jarri zituzten salgai iragarrita zegoen saio bakarrerako sarrerak, baina airean saldu ziren, eta Zaldibiako Udalak bigarren saioa antolatzea erabaki du. Hori dela eta, lehen saioa 17:30era aurreratu du eta bigarrena 19:30erako jarri.
Bigarren saiorako sarrerak bihar asteazkena, 17:00etan, jarriko dituzte salgai Karreane kultur etxean.
Sarrerak direla eta, honako lau ohar eman ditu udalak:
- Astelehenean saldutako sarrera guztiak lehen emanaldikoak dira. 17:30eko saiokoak, alegia. Sarrera horiek ez dute balioko bigarren saiorako.
- Astelehenean osatutako itxaron-zerrendakoekin harremanetan jarriko dira kultur teknikariak, bigarren saiorako sarrerak eskaintzeko. Sarrerak jaso eta ordaintzera kultur etxetik pasa beharko dira itxaron zerrendako pertsona horiek.
- Libre geratzen diren gainontzeko sarrerak, bihar, 17:00etatik aurrera salduko dituzte kultur etxean. Aurrez ez dute erreserbarik hartuko.
- Asteazkenean, Zaldibian erroldatuek izango dute lehentasuna. Ostegunetik aurrera edonork erosi ahal izango ditu sarrerak, gelditzen badira, beti ere.