Beste bi kontratu lortu ditu CAF-Solarisek Polonian
67 autobus elektriko hornitzeko kontratuak dira, 50 milioi euro baino gehiagoko diru sarrera suposatuko diona enpresa taldeari.
Solarisek bi kontratu sinatu ditu Poloniako MZA Varsovia eta MPK Poznann operadoreekin 67 autobus elektriko hornitzeko. 50 milioi euro baino gehiagoko diru sarrera suposatuko dute bi kontratuok. Bi kasu horietan aukeratutako modeloa 18 metroko Urbino autobus artikulatua da, Europako merkatuan hiri garraio arloko operadore eta agintarien artean arrakasta handiena izaten ari den ibilgailuetako bat, CAFek ohar bidez jakinarazi duenez.
Alde batetik, Varsovia hiriak, Europako autobus elektrikoen flotarik handienetakoa duenak, gehienak Solarisek hornitutakoak, bere zerbitzuak handitzea erabaki du MZA tokiko operadorearen bidez, 50 autobus elektrikoren eskaera berri batekin.
Unitate hauek, propultsio-sistema modularra izango dute. Horren diseinuak ibilgailuaren sabaian propultsioko osagaien muntaketa jasotzen du eta, horri esker, ahalik eta gehien aprobetxa daiteke espazioa bidaiarientzat, eta guztira 100 bidaiarirentzako edukiera eskaintzen du.
Bestalde, Poloniako mendebaldeko Poznan hirian ere garraio publiko jasangarriaren aldeko apustua egiten ari dira, eta Solarisen bederatzi autobus elektriko erosi ditu Urbino 18 modelokoak. Eskaera zortzi ibilgailu gehiagorekin handitzeko aukera azaldu dute.
Artikulatutako 17 autobus horietako bakoitza 2026ko bigarren hiruhilekoan entregatzea aurreikusten da, autonomia handia izango du eta gutxienez 110 bidaiarirentzako gaitasuna izango du.
MPK Poznanek 300 Solaris autobus baino gehiago ditu dagoeneko, horien artean bateria bidez propultsatutako 58 autobus eta hidrogenozko 25 ibilgailu, zehaztu du iturriak.