Ohitura zaharra berritzera
Santa Ageda bezperako kantu errondak eta eskeak egingo dituzte gaur Goierriko herri gehienetan.
Kandelaria eta San Blas egunak behin igarota, iritsi da negualdi betean makilak ezaugarri dituen festari ongietorria egiteko eguna. Sinbolismoz beteriko eguna da santa eskean ateratzeko eguna, kantuen, ahozko tradizioaren eta erritu kolektiboen bidez lotura sozialak eta komunitarioak indartzen dituen jaia. Horiek guztiek negutik udaberrirako trantsizioa islatzen dute, eta elementu komunak partekatzen dituzte: argia, osasuna eta emankortasuna eta birsortzea.
Otsailaren 5a da Santa Ageda eguna, baina neguko hotzak goxatu eta ilunak argitzeko asmoz, Euskal Herrian egunaren bezperan egiten dira ospakizunak. Hala, ohitura zaharrari eutsiz, makilarekin lurra joz eta kopla kantari ibiliko dira gaur Goierriren luze-zabalean, udaberria indartsu etor dadin.
Ia herri guztietan irtengo dira abesbatzak edo ikasleak santa eskean. Nagusiki, goizean eta arratsaldeko lehen orduetan irtengo dira. Ataunen, Beasainen, Ezkion, Gabirian, Idiazabalen, Legazpin, Legorretan, Ordizian, Ormaiztegin, Zaldibian, Zegaman, Zerainen eta Zumarraga-Urretxun irtengo dira Santa Ageda bezperako koplak abestera. Bezpera asteartea izanik, bi herritan asteburura pasatu zituzten ospakizunak: Seguran, larunbatean egin zuten erronda, eta Elorrin afaria gero; Itsason, berriz, igande eguerdian egin zuten kopla emanaldia, Ostatuan.
Usadioari tiraka
Bi alderdi ditu usadio zahar horrek: batetik, Italian, Sizilian III. mendean bizi izandako Ageda amabirjina eta martiria gogoratzea. Tradizioaren arabera, torturatu eta bularrak anputatu baitzizkioten fedeari uko egin eta kontsul erromatar batekin ezkontzeari uko egin ziolako. Martirio horrek, baina, Santa Ageda emakumeen erresistentziaren, emakumeen kemenaren eta babesaren sinbolo bihurtu zuen; bestetik, berriz, neguan lokartuta gelditu den lurra berriz ere biziberritzea eta esnatzea, makilekin kolpatuz.
Ospakizun honek, mendeetan zehar, jai santua ohoratzeko ez ezik, gizarte-kohesioa indartzeko ere balio izan du, batez ere landa-eremuetan. Azkenaldian, jai kutsua hartu du ospakizunak, eta hainbat tokitan errondak dirua eskatzeko baliatzen dituzte.
- Ataun. 10:15ean Joxemiel Barandiaran herri eskolako haurrak kantu eskean ibiliko dira herritik barrena.
- Beasain. Batetik, kantu erronda egingo da 19:00etan hasita, Kantujira taldearekin, Dolarea ingurutik abiatuta; eta, bestetik, santa eskea 19:00etan, tren geltoki paretik, Maddi eta June Aiestaran Iparragirre ahizpen koplen, zein Izadi Furundarena Agirre eta Maddi Otamendi Irizar trikiti eta panderojoleen laguntzarekin batera. Loinatz abesbatzak eta Loinatz Musika Eskolako Narama Abesbatzak antolatuta.
- Ezkio. 18:00etan Ezkioko frontoian elkartuko dira azken entsegua egiteko, eta 18:30ean emango diote hasiera kantu eskeari bertan. Handik, Santa Luziara joango dira (Errekabarrena, Iturgain, Topa, Miranda, udaletxe aurrea). Anduaga elkartean bukatuko dute, bertan mokadutxoa egiteko.
- Gabiria. Goizean Balentzategi herri eskolako haur eta irakasleak aterako dira kantu eskean, eta arratsaldean, berriz, Osinalde elkarteko taldea. 16:00etan hasiko dira, eta herriguneko etxeetan kantatuko dute.
- Idiazabal. 17:00etan Kantu Jira taldeak antolatuta. Plaza Nagusian amaituko dute.
- Legazpi. Santikutz abesbatzaren erronda 19:00etatik aurrera, kalerik kale.
- Legorreta. 19:00etan abiatuko dira, herriko plazatik.
- Ordizia. 19:30ean, herrian zehar ibiliko da kantuan Larrun Arri abesbatza.
- Ormaiztegi. 17:30ean udaletxepeko lokalean entsegua egin ondoren, 18:00etan abiatuko da taldea udaletxetik.
- Zaldibia. Lardizabal herri eskolako haurrak aterako dira kantu eskean herrian zehar goizeko 11:30etik 12:30era.
- Zegama. 18:30ean aterako dira Askatasunaren Etorbidean dagoen parketik, Tobera Musika Eskolako trikiti, pandero eta perkusioko ikasleek lagunduta. Ondoren mokadutxoa egongo da Ostatuan parte hartzaileentzat.
- Zerain. Hainbat kantu erronda. Goizean, herri eskolako haurrak 09:30ean aterako dira eskolatik. 11:00etarako Ostatuan egongo dira, eta 12:30ean amaituko dute plazan. Arratsaldean, berriz, 15:00etan Aizpe eta Barbari auzoetara joango dira, eta 17:00etan herri inguruko baserrietara erronda egingo dute. Iluntzean, bukatzeko, herrigunean elkartuko dira. Uharka abesbatzak eta ZerainLabek antolatuta.
- Zumarraga-Urretxu. Arratsaldean, Santa Ageda bezperako koplak abestuko dituzte kalejiran, herriko ikastetxeak eta Goiargi abesbatzak antolatuta.