Olaria sarirako proposamenak egin daitezke hilaren 28ra arte
Maiatzaren 3an banatuko dute saria, ezpata-dantzaren ekitaldian. Iaz Iratzarri emakume elkarteak eta Javier Iraetak jaso zuten.
Legazpiko Udalak Olaria sariaren edizio berri bat jarri du martxan, eta aurten, maiatzaren 3an entregatuko den bereizgarri hori jasotzeko hautagaia bila hasi da. 2025eko Olaria sarirako proposamenak aurkezteko epea hilaren 28ra arteko tartea dute legazpiarrek.
Aurreko urtean zehar edo bere ibilbidean zehar Legazpiren garapenaren alde gehien nabarmendu den ekimen edo jarduera sozialari, edo legazpiar bati urtero ematen zaion saria da Olaria. Santikutz jaietako egun handian ematen da, maiatzaren 3ko ezpata-dantzaren ekitaldi nagusian.
Legazpiar guztiek proposa ditzakete hautagaiak, baina proposamen bakoitzaren arrazoiak azalduz. Proposamenak egiteko hiru bide erabil daitezke: udalaren webguneko formularioa beteta, LegazpiON aplikazioaren bidez edo udaletxeko arreta zerbitzuan.
Epaimahaia eta erabakia
Alkateak, udalean ordezkaritza duten alderdi politiko bakoitzeko ordezkari banak, azken edizioko irabazleek eta udalerriko elkarteetako beste hiru ordezkarik osatuko duten epaimahaiak proposatuko du hautagaien artean zeinek jasoko duen Olaria.
Proposamen hori martxoko udaleko bozeramaileen batzordean aztertuko dute, eta hil bereko Osoko Bilkurara eramango dute onartzeko.
Azken Olaria sariak Iratzarri elkarteari eta Javier Iraetari eman zizkieten, iaz.