«Gogorra da ikustea dena eman eta postu txarra lortzen duzula»
Zurutuzak azaldu du pauso bat egin duela atzera, ondoren beste bi aurrera egiteko. Aitortu du iazko urtea gogorra baina polita izan zela.
Hilabete batzuk falta zaizkio oraindik Xabi Zurutuzari (Legazpi, 2006) denboraldi berria hasteko. Estorilen (Lisboa, Portugal) izango du lehen lasterketa, eta gogotsu dago, talde berria ere izango baitu: Andifer American Racing Team. Europako Moto2 Txapelketara egin du behera aurten, baina kilometroak eginez esperientzia hartu, eta Munduko Txapelketara indartsuago itzultzea du helburu. Gogor entrenatzen ari da Murtzian (Espainia) hori lortzeko.
Nolakoa da zure egunerokoa denboraldi arteko sasoietan?
Astelehenetan Yepes zirkuitura [Murtzia, Espainia] joaten gara, gauden etxetik 40 minutura; goiza eta arratsaldearen lehen partea pasatzen dugu hor, eta arratsaldean gimnasiora joaten gara. Astearte goizetan bizikletaz ibiltzen naiz, eta arratsaldean Fortuna zirkuituko [Murtzia, Espainia] moto eskolara joaten naiz. Asteazkenetan euritarako gurpilak dituen moto batekin joaten naiz lurrezko pista batera, lerratzeak egitera, eta arratsaldean gimnasiora. Ostegunak astearteak bezalakoak dira, eta ostiraletan zirkuitu handira joaten naiz. Asteburuetan bizikletaz ibiltzeko aprobetxatzen dut, eta, oso nekatuta banago, igandetan atseden hartzen dut.
Moto gidari askok garrantzia ematen diozue bizikletari. Zer dela eta?
Oso baliagarria da erresistentzia lantzeko, eta motorrean askoz hobeto ibiltzen laguntzen du.
Kategoria berri batean hasiko zara. Zer dela eta aldaketa? Atzerapausoa dela uste duzu?
2024a ez zen pentsatzen genuen bezala joan; urte gogorra izan zen, eta aukera onena Europako Moto2 Txapelketara jaistea izan da, hor kilometroak egiteko eta ostera ere Munduko Txapelketara igotzeko, esperientzia lortuta.
Nolako esperientzia izan da Munduko Moto3 Txapelketan aritzea?
Gustura egon naiz, amarekin mundu osoan barrena ibiltzea oso polita izan baita; kultura ezberdinak ezagutu ditugu. Profesionalki urte gogorra izan da, baina niretzat amets bat da Munduko Txapelketan aritzea.
Zergatik izan da urte zaila?
Taldeak eta biok ez genion elkarri erabat ondo ulertzen. Denbora asko pasatzen duzu taldearekin, eta sentsazioak ez badira onak, egunak oso luzeak egiten zaizkizu, eta asteak are gehiago. Hori izan da gogorrena, hori eta ikustea dena emanda ere postu txar batean geratzen nintzela. Hori ez zait gustatzen.
Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean.