Argazki Rallyko ligaren sariak Ataunen banatuko dituzte
Herri Antzokian egingo dute sari banaketa larunbatean. Gorka Gomez legazpiarra izan da 2024ko txapelduna. Aurrez, argazki hautatuekin proiekzio bat egingo dute.
Herriz herri X. Argazki Rallyen Txapelketaren sariak banatuko dituzte larunbatean Ataungo Herri Antzokian. Ekitaldia 19:00etan hasiko da 2024ko lehiaketetako argazki hautatuen proiekzio batekin, eta ondoren, garaikurrak eta elastikoak jasoko dituzte sarituek.
2024ko ligaren irabazlea Gorka Gomez legazpiarra izan da, eta hark irabazleen makila ere jasoko du. Laugarren postuan beste legazpiar bat, Gurutze Langarika, sailkatu da. Biak Legazpiko Ikatza argazkizale elkarteko kideak dira. Lehen hamarretan beste goierritar ere badaude: Jose Miguel Romero zazpigarren (Ortzadar, Ordizia) eta Javier Quiros (Argizpi, Beasain) bederatzigarren. Argizpiko kide Manu Barreiro donostiarra bosgarren sailkatu da.
Elkarteen arteko bilera
Argazki elkarteetako kideek bilera bat egiteko baliatuko dute larunbateko sari banaketa. 16:30ean elkartuko dira, eta 2025eko rallyen egutegia eta oinarriak zehaztuko dituzte, besteak beste.
2024an ligako hiru argazki rally jokatuko dira Goierrin: irailaren 15ean Legazpin, urriaren 6an Ataunen eta azaroaren 2an Beasainen.