Goitur Goierriko turismo agentzia eta Mamia Mantala proiektuko emakumeak ohorezko kofradiakide izendatu dituzte Beasaingo Odolkiaren Kofradiaren 38. Kapituluan. Bideoa eta argazkiak albistean.
Herriko zaindariaren eguna ospatzen ari dira gaur Beasainen, Loinazko San Martin eguna baita. Egun osoko egitaraua izango da. Nabarmentzekoa, Beasaingo Odolkiaren Kofradiak 38. kapitulua ospatu duela. Euskal Herriko eta kanpoko kofradiak gonbidatu dituzte urteko egun garrantzitsuena duten honetan. Goizean goiz, Igartza jauregian elkartu dira gonbitari erantzun dioten 20tik gora kofradiatako ordezkariak, eta handik, txistulariekin batera, kalejiran abiatu dira herrigunerantz. Erauskin plazan, Loinazko San Martinen irudiaren aurrean egin dute etena. Ohorezko aurreskua dantzatu diote dantzariek, eta Martin Urkiolak, Beasaingo Kofradiaren eta bertaratu diren guztien izenean, lore sorta eskaini dio. Ondoren, Andre Mari Zeruratuaren elizan izan den mezarako bidea hartu dute.
Elizkizunaren ondoren, Loinazko San Martin plazan egin dute ekitaldi nagusia. Bertan, ohorezko kofradiakideak izendatu dituzte. Goitur Goierriko turismo agentzia eta Mamia Mantala proiektuko emakumeek jaso dute izendapena. Plazan elkartu diren guztien aurrean, euren esker ona adierazi dute eguneko gonbidatu bereziek eta bertako produktuari, odolkiari, gorazarre egin diote. Amaitzeko, familia argazkia atera dute, eta jarraian, Kaxolako Iker Markinezek prestatutako bazkari goxoaz gozatu ahal izan dute.
Jarraian goizeko argazki onenak: