Elkarbizitzarako beste pauso bat Ataunen
Eskolako Euskara eta Kulturartekotasuneko batzordeak solasaldia antolatu du biharko, 18:30ean Herri Antzokian. Jatorri migranteko lau herritarrek haien esperientziak partekatuko dituzte.
Ataun herri euskalduna da, euskararen arnasgune bat, Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko herria, baina azken urteetan izandako immigrazio handiaren ondorioz, aldatzen ari da gutxika-gutxika herriko egoera soziolinguistikoa. Ez euskara eta ez gaztelania ez dakiten familien gorakada nabarmena izan da azken urteetan, eta egoera horrek herrian errotu ahal izateko zenbait zailtasun ekarri dizkie familia askori.
Joxemiel Barandiaran eskolako Euskara eta Kulturartekotasuneko Batzordeak badaki familia berriak euskara ez jakiteagatik hezkuntza komunitateko bizitzatik kanpo geratzen hasiak direla, eta auziari buelta bat eman eta errotuta dauden hizkuntza ohituren inguruan hausnartzeko solasaldia antolatu du bihar, 18:30ean Ataungo Herri Antzokian, Agauntza guraso elkartea, Uema, Joxemiel Barandiaran Eskola eta Ataungo Udalaren laguntzarekin.
Euskara biziberritzeko prozesuak erronka handiak ditu aurrean, eta horietako bat atzerritik etorritako pertsonek hizkuntza ikasteko eta erabiltzeko duten aukerak zabaltzea da. Gizartea gero eta anitzagoa den honetan, euskararen transmisioa bermatzea ezinbestekoa da, baina, horretarako, hizkuntza-ohiturak moldatu eta harrera egokia egitea beharrezkoa da. Horretarako, jatorri migranteko lau herritarren esperientziak ezagutzeko aukera egongo da solasaldian; besteak beste, Reda Qazqaz, Maria Lopez, Silvana Beaskoetxea eta Wednesday Silva arituko dira hizketan. Hitzaldia euskaraz izango da eta Telegram bidez aldi bereko itzulpena egingo da.
Komunitatearen beharra
Jakina da egunerokoan euskaldunak maiz jotzen dutela gaztelaniara, are gehiago lehen begiradan euskara ez dakien pertsona batekin harremantzen garenean, baina adituek diotenez, ezinbestekoa da joera hau etorkizunean errotu ez dadin, «hizkuntza ohiturak aldatzea». Horretarako, baina, ezinbestekotzat jotzen da «komunitatearen parte-hartzea»; egunerokoan euskara gizarte-harremanetan eta jarduera komunitarioetan ere ikasten baita, eskolan eta bestelako ikastaroetan praktikatzeaz harago.
Hala, euskara bultzatzeko programak, auzo zein herri ekimenak eta bestelako jarduerak sortzea lagungarria izan daiteke euskara ikasten ari direnentzat, eta bide horretan aurrerapausoak emateko sostengu izatea da solasaldiaren helburua, bizipenak lehenengo pertsonan konta ditzaketen protagonisten testigantzen bitartez.