Haur motxiladunen bizipenak hizketagai
Lazkaoko Gerriko elkarteak 'Haur motxiladunek uzten al diote haur izateari? Eta motxiladun izateari?' solasaldi zikloa antolatu du.
Lazkaoko Gerriko elkarteak haur motxiladunei buruzko Berriketan solasaldi zikloa antolatu du datozen asteetarako. Hiru solasaldi izango dira guztira, hirurak galdera berberei lotuta: Haur motxiladunek uzten al diote haur izateari? Eta motxiladun izateari?. Saio guztiak 18:30ean izango dira, Gerriko txokoan.
Aurrenekoa otsailaren 12an izango da. Pirata maitea, gure maitasuna ezingo dute eten lemapean ariko da Nekane Txapartegi.
Bigarrena hilabete beranduago, martxoaren 12an. Hegazkinez maitasun garraioan goiburu duen hizketaldia gidatuko du Miren Azkaratek.
Eta hirugarrena eta azkena, martxoaren 19an. Espetxera bideko jatetxe gida izango da Eztizen Artolak jorratuko duen gaia.
Haur motxiladuna —maiz motxiladun umea ere deitua— preso dagoen senide bat ikusteko urruneko kartzeletara joan behar izan duen haurra da.